Gizartea -
KORONABIRUSA
Greba eguna dute gaur Ipar Euskal Herriko Hezkuntza alorrean
Irakasleen sindikatuek Frantzia osoan deitu dute greba eskolaurrean eta lehen hezkuntzan indarrean dagoen covid protokoloa tarteko. Grebak jarraipen zabala izatea espero da eta guraso elkarteek ere bat egin dute deialdiarekin.
AGENTZIAK | EITB Media
Ipar Euskal Herrian eta Frantzia osoan greba eguna dute gaur Hezkuntza alorrean, covid protokoloa dela eta. Astebetean ikastetxeetako protokoloa hiru aldiz aldatu dutela eta, irizpide argiak eskatzen dituzte. Langile gehiago eta ikasle batek positibo ematen duenean ikasgela osoa ixtea ere aldarrikatzen dute. Grebaren jarraipena % 75ekoa izan daitekeela aurreikusi dute sindikatuek, eta guraso elkarteek ere bat egin dute deialdiarekin.
Gaur egun Ipar Euskal Herrian indarrean dagoen hezkuntza protokoloa arinagoa da, ahalik eta ikasgela gehien irekita mantentzeko asmoz.
Irakasleek eta guraso elkarteek aurreko protokolora itzultzea galdegin dute, eta ikasgela osoa ixtea positiboren bat hautemanez gero. Halaber, koronabirusa hautemateko testak egin nahi dituzte, modu sistematikoan, astero.
Orain, ikasle batek positibo ematen badu, haren ikaskideek astean hiru test egin beharko dituzte eskolara joan ahal izateko. Proba egin ondoren, gurasoek nahikoa izango dute emaitza negatiboa izan dela dioen ziurtagiri bat eskolan entregatzea. Hori eginda, ikasleak gelara itzuli ahalko dira.
Sindikatuek manifestazioak deitu dituzte hiri nagusietan, eta, besteak beste, langileei FFP2 eta maskara kirurgikoak berehala banatzeko eskatu dute. Baionako mobilizazioa 11:00etan izango da, Suprefeturaren aitzinean.