Gizartea -
Indarkeria matxista
Sara zuen izena, eta ez da kasu bakana izan
Indarkeria matxistaren biktimak ez dira zerrenda hotz batean gehitzen diren datu anonimoak. Tuteran hildako emakumeak izen-abizenak zituen, eta hainbat proiektu etorkizunerako.
EITB Media
Tuteran ustez senarrak hil duen emakumea indarkeria matxistaren aurtengo lehen biktima da. Emakume hori, baina, ez da datu estatistiko hutsa: izen-abizenak zituen, Sara Pina hain zuzen ere, eta "proiektu asko" etorkizunean egiteko. Irakaslea zen, eta antzerkia gustuko zuen.
"Oso adeitsua zen, hezibide onekoa, oso zuhurra. Benetako artista eszenatokian", adierazi du Fernando Sierrak, Cortes herriko alkateak, Radio Euskadin. Sara bertakoa zen, bertan bizi ez zen arren, baina herri horretako antzerki taldean aritzen zen. "Maite egiten zuen herria", erantsi du Sierrak.
Astelehenetik bai Cortesen, bai Tuteran, izan diren gaitzespen elkarretaratzeetan ere denak izan dira hitz onak; oso maitatua zen bi herrietan.
Sara (38 urte) irakasle zen Castejongo Maiatzak Bi ikastetxean, eta hezkuntzaren arloan egin duen lana ere goratu dute: "Bokazio handikoa zen; zerbitzari publikoa".
Indarkeria matxista kasuak ez dira bakanak, estrukturalak baizik: azaroan, 1.144 indarkeria kasu "aktibo" zeuden Nafarroan, eta 619 emakumek Poliziaren babesa behar zuten.
2003tik, 1.126 emakume hil dituzte bikotekideek edo bikotekide ohiek Estatuan, Espainiako Gobernuaren datuen arabera.