Gizartea -

Koronabirusa

Covid protokoloan beste aldaketa bat denbora tarte laburrean: Nola jokatu?

Hauek dira jarraitu beharreko urratsak koronabirusaren sintomak badituzu edo positibo eman duen norbaiten kontaktu estua bazara.

Protokolo berria.
Protokolo berria.
Osakidetzak bigarrenez aldatu du protokoloa eta zalantzak sortu dira herritarren artean. Nola jokatu?

1:30

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Birusaren hedapen handiaren ondorioz azken bi asteetan, Osakidetzak bigarrenez aldatu du covidaren aurkako protokoloa, eta horrek zenbait zalantza sortu dizkie herritarrei. Jende askok ez daki oso ondo nola jokatu positibo eman eta gero, edota positibo baten zuzeneko kontaktua izan ezkero:

Sintomak ditut. Zer egin behar dut?

Sintoma ohikoenak honako hauek dira: sukarra, eztula, eztarriko mina, aire faltaren sentsazioa edo usaimena galtzea, besteak beste.

Sintoma hauetakoren bat nabaritzen baduzu:

(1) ISOLAMENDUA: gera zaitez etxean.

(2) Sartu datuak hurrengo inprimakian (SINTOMEN FORMULARIOA)  SMS bidez hitzordua jasotzeko edota OSASUN-ZENTRORA  deitu.

(3) Sintomekin hasi aurretik egon zaren pertsonen ZERRENDA bat prestatu.

Osakidetza zurekin harremanetan jarriko da.

Txertoa jarri badidate ere egin behar dut? BAI.

Positibo eman dut. Zer egin behar dut?

SMS bat jasoko duzu emaitzarekin eta egin behar duzunaren argibideekin.

1. ISOLAMENDUA: isolamenduan egon beharko duzu sintomak hasten direnetik edo proba egin zizutenetik gutxienez 7 egunez.

2. SINTOMEN JARRAIPENA: gehienetan gaixotasunak sintoma arinak izaten ditu (sukarra, eztula, eztarriko edo buruko mina, nekea edo usaimena edo gustua galtzea).  Sintomek okerrera egiten badute edo arnasa hartzeko zailtasunak badituzu, orduan bai, jarri harremanetan zure osasun-zentroarekin.

3. KONTAKTUAK: identifikatu zure kontaktuak, transmisioa eteteko.

(*) Emaitza "zehatza" ez bada, proba errepikatu beharko duzu. Bitartean, isolamenduan geratu behar zara. SMS bidez beste hitzordu bat jasoko duzu emaitza baieztatzeko.Laneko baja

COVID gaixotasuna duzunez, laneko baja bide honetatik kudeatu dezakezu: inprimakia (IT FORMULARIOA)  

Positibo eman dut farmaziako test autodiagnostikoan. Zer egin behar dut?

Farmaziako proba batean positibo eman baduzu, bakartu egin beharko duzu etxean, COVID izateko aukera handia baituzu.

Osakidetzak proba diagnostikoa farmaziako test batean positibo eman dutenei errepikatuko die, baldin eta kolektibo kalteberakoak badira (70 urtetik gorakoak, txertoa jarrita ez dutenak, haurdun daudenak edo immunodeprimituak) eta/edo pertsonak laneko baja kudeatzea beharrezkoa badu. Egoera horretan bazaude:

EMAN ZURE POSITIBOAREN BERRI, Osakidetzaren proba diagnostiko baten bidez egiaztatzeko, honako inprimaki  honen bidez, edo osasun-zentrora deitu, aukera telematikorik ez baduzu. SMS bat jasoko duzu, proba egiteko hitzorduarekin. 

Kontaktu estua naiz. Zer egin behar dut?

Definizioa: Kontaktu estua kasu positibo baten leku berean, proba egin aurreko edo sintomak izaten hasi aurreko 48 orduetan, 2 metro baino gutxiagora eta 24 ordutan, guztira, 15 minutuz baino gehiagoz maskara etengabe eta behar bezala erabili gabe egon den edozein pertsona da.

Proba diagnostikorako hitzordua Osakidetzan:

"Kaltebera"tzat jotzen diren kontaktu estuei baino ez zaie esango proba diagnostiko bat egiteko:

1.70 urtetik gorakoak

2.Immunodeprimituak

3.Haurdun dauden emakumeak

4.Txertoa jarrita ez dutenak

5.Gaixotasun kroniko moderatua-larria erregistratuta dutenak (bilakaera luzeko edo kontrol txarreko diabetikoak, gaixotasun hepatiko kronikoa, giltzurrunetako gaixotasun kronikoa…).

Pertsona horiek proba diagnostikoa eskatu beharko dute, kontaktu estu diren aldetik, honako hauen bidez:

Web bidezko hitzordua (aktibazio prozesuan)

Inprimakian izen ematea (KONTAKTU ESTUAREN INPRIMAKIA).

Osasun-zentrora deitzea

Kontaktu estuen berrogeialdia:

Berrogeialdia txertoa jarrita EZ dutenek baino ez dute egin behar izango. Gainerakoek ez dute berrogeialdia egin behar izango, baina prebentzio-neurriak zorrotz bete eta sintomatologia zaindu beharko dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak