Gizartea -
KORONABIRUSA
Ospitaleetako presioak EAEn bere horretan jarraitzen du, 139 pertsona baitaude ZIUetan eta 792 gela arruntetan
100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 6.844,35 kasukoa da. Atzo 11.923 kasu positibo atzeman zituzten eta 29.158 proba diagnostiko egin ziren.
N. B. | EITB Media
Ospitaleetako presioak bere horretan dirau Euskal Autonomia Erkidegoan: 931 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 139 zainketa intentsiboetako unitatean (ZIU) eta 792 gela arruntetan.
Astelehen honetan 11.923 kasu positibo atzeman zituzten eta 29.158 proba diagnostiko egin ziren. Gainera, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 6.844,35 kasukoa da.
"Egoera ez da aldatu, ezta joera ere", esan du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, covid-19aren ondorioz Euskadin dagoen egoera epidemiologikoaren berri emateko astearte honetan Gobernu Kontseiluaren ostean egindako agerraldian.
Bestalde, birsorkuntza indizeak eta tasen arrazoiak batetik gora jarraitzen dute, baina beheranzko joerarekin. Igande honetan 1,01ean zegoen, epidemiologoek gomendatutako atalasetik gertu.
Hala ere, sailburuak azpimarratu du "itxaron" egin beharko dela "joera hori berresten den edo zerbait puntuala den ikusi arte", eta, beraz, zuhurtzia eskatu du. Izan ere, "arriskua oso handia izaten jarraitzen du, bereziki pertsona ahulentzat".