Gizartea -
CORONAVIRUS
"Deltakron" aldaera aurkitu dute Zipren, delta eta omikron aldaeren konbinazioa
Koronabirusaren bi aldaeren bertsio konbinatu baten 25 kutsatze kasu atzeman dituzte.
I. G. | EITB MEDIA
Zipreko agintariek jakinarazi dutenez, delta eta omikron aldaeren bertsio konbinatu baten 25 kutsatze kasu atzeman dituzte ("deltakron" deitu diote).
"Gaur egun omikron eta delta aldaeren kutsatze nahastuak daude. Bien arteko konbinazioa den aldaera bat aurkitu dugu", azaldu du Leondios Kostrikis Zipreko Unibertsitateko Biologia irakasle eta Bioteknologia eta Birologia Molekularreko Laborategiko zuzendariak.
Kostrikisek Signa TV kateari egindako adierazpenetan azaldu duenez, aldaera berriak omikron aldaeraren sinadura genetikoa eta delta aldaeraren genomak ditu.
Orain arte Kostrikisek eta bere taldeak 25 deltakron kasu atzeman dituzte, eta ohikoagoak direla covid-19agatik ospitaleratutako gaixoetan nabarmendu dute, ospitaleratu gabeko positiboetan baino.
Urtarrilaren 7an, atzemandako 25 pertsonen laginak Pasteur Institutuko GISAID nazioarteko datu-basera bidali ziren. Azken hori gripearen eta koronabirusaren aldaera berrien sekuentziazio ofiziala argitaratzeaz arduratzen da.
"Etorkizunean ikusiko dugu aldaera hori patologikoagoa edo kutsakorragoa den, edo deltari eta omikroni gailenduko zaien", adierazi du, baina, bere ustez, litekeena da omikron aldaera gainetik geratzea, kutsagarriagoa delako.