Gizartea -
Migrazioa
8.115 migratzaile artatu zituzten iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
2021ean muga zeharkatu nahi zuten hiru pertsona hil ziren Bidasoa ibaian itota. Irungo aterpetxea erreferentzia gune bihurtu da Europako beste herrialde batzuetara iritsi nahi duten migratzaileentzat.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europako beste herrialde batzuetara iritsi nahi zuten 8.115 migratzaile artatu zituzten iaz erakundeek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituzten zentroetan. Azken lau urteotako daturik handiena da.
Halaber, hiru migratzaile Bidasoa ibaian itota hil ziren muga igarotzeko ahaleginean. Horietako bat, 40 urteko gizonezkoa, oraindik ez dute identifikatu.
Eusko Jaurlaritzak, gainerako erakunde eta eragileekin batera, igarobidean dauden migratzaileei laguntzeko sare bat jarri zuen martxan 2018an, eta egunean 500 pertsona hartzeko zentroak ireki zituzten hiru lurraldeetan.
Gurutze Gorriak Irunen kudeatzen duen aterpetxera iristen dira migratzaile gehienak; izan ere, Frantziara heldu nahi duten pertsonentzat erreferentzia gune bihurtu da.
Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 2018ko ekaina eta abendua bitartean, 5.837 migratzaile artatu zituzten; 2019an, 4.244; 2020an, pandemiaren eraginez zirkulazioa mugatuta egon zen urtean, 3.493; eta 2021ean, 8.115.
Euskal Herrira heldu diren migratzaileen % 94 Kanarietatik sartu ziren Espainiako Estatuan, eta Frantziara eta Europa erdialdeko beste herrialde batzuetara iristea dute helburu.