Gizartea -
Koronabirusa
Ez da azkena, eta, agian, ezta arinena ere
Birusaren azken zartako handia izan litekeela, covid-19a gripearen tankerako gaitz endemiko bihur litekeela… baikortasunez esaten duten ahotsak zabaldu dira azkenaldian. Aurreikuspen pandemiko horien aurrean, adituengana jo dugu 2022 hau nolakoa izango den argitu nahian.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Txertoaren babespean, aurtengo Gabonak "normalagoak" edo, sikiera, lasaiagoak izango zirela sinistuta geundenean… danba! Enegarren letra grekoaren izenpean heldutako azken aldaerak, omikronek, hankaz gora jarri dizkigu Eguberrietako ospakizunak. Farmazietako antigeno probak etxeko botikineko ezinbesteko elementu bilakatu dira, eta makiltxoa sudur zuloetan barruraino sartzeko ariketa ohiko egin zaigu: bi marratxo gorriak azalduz gero, kasu! Laguna, auzokoa, lehengusina, aitaginarreba… birusak jotakoak gero eta gertuago genituela sumatu dugu, norbera edo etxekoak izan ez direnean. Izan ere, koronabirus honek zerbait erakutsi badigu usteak erdia ustel direla da.
Izurriaren hedatze esponentzial honi alde onik ikusi dionik bada, ordea. Birusa denera zabaltzeak eta sintoma arinagoekin agertzeak fase berri baten atarian gaudela esatera bultzatu ditu batzuk. Ez dira gutxi seigarren olatu hau azken olatu handia izango dela diotenak, eta hainbat entzun ditugu esaten pandemia endemia bihurtzeko zorian dagoela.
Herritarrek, neke pandemikoak akituta, gustura hartu dituzte agian mezuok, eta burua altxatu nahian dabilen jardun ekonomikoak ere itxaropen zantzuak behar ditu. Baina ikuspegi zientifikotik bada daturik baieztapenok sostengatzeko? 2022a covid-19aren azkena izango ote? Omikron aldaerarekin agur esango al diogu pandemiari? Adituengana jo dugu argibide eske. Izortze Santin (Barakaldo, 1981) EHUko Biologia irakasle eta ikerlaria da; Ana Galarraga (Zarautz, 1970), Elhuyarreko zientzia dibulgatzailea, eta Ugo Mayor (Donostia, 1975), EHUko biokimikari eta Ikerbasqueko ikerlaria.
Ezer baino lehen, bolo-bolo dabilen termino bat zer den argitzeko eskatu diegu: endemia. "Birus endemikoa desagerrarazten ez dena da, bertan geratzen dena, nahiko prebalentzia egonkorrean. Definizio ezberdinak daude, endemikoa izan daiteke eskualde geografiko batean ematen delako (ebola, esaterako), urtaro konkretu batzuetan agertzen delako (gripea, kasu) edo, besterik gabe, populazio konkretu batean, zaurgarrienetan ematen dena, baina kontrolpean eduki dezakeguna estrategia ezberdinen bitartez", zehaztu digu Santinek.
Infekzioek izaten duten bilakaera azaldu du Galarragak: "Patogeno berri bat azaltzen denean, erabat defentsa gabe harrapatzen gaitu hasieran, eta izurri bihurtzen da, mundu mailakoa denean, pandemia. Denborarekin, populazioa patogeno horretara egokitzen joaten da, defentsak garatzen. Guk, txertoaren laguntzarekin, laguntza dugu, eta gure defentsa maila handiagoa da. Birusa bera ere eboluzionatzen joaten da, normalean horrekin egiten duena da hilkortasuna galdu, hau da, ez ditu horrenbeste heriotza sortzen, eta onberagoa bihurtzen da. Hori izaten da jarraitu ohi duen prozesua, eta desagertzen ez bada, fase endemikora pasatzen da".
Endemia ez da "pagotxa"
Mayorren hitzetan, "ideia bat zabaldu da: endemia pandemia baino gaixotasun arinagoa dela, baina, berez, endemia da leku batean egonkortzen den gaixotasun bat. Ari da egonkortzen? Esan dezakegu baietz, baina arintasunari begira, ez dugu daturik oraindik". "Akatsa da gaixotasun endemiko bat zeozer positibo moduan hartzea", erantsi du Galarragak.
Ideia horretan sakondu du Izortze Santinek ere. "Ebola gaixotasun endemikoa da, baina agerraldi bat dagoen bakoitzean, eta kontuan hartuta daukan hilkortasun maila (% 50ekoa), jende asko hiltzen da. Ona al da endemikoa izatea? Ba ez", arrazoitu du.
Dena dela, EHUko biokimikariak nabarmendu du covid-19arekin orain dugun hilkortasun maila kontuan hartuta, ez dirudiela ebolaren pareko gaitza bihurtuko denik: "Txertaketa eta, beste alde batetik, infekzio naturala hain altua izaten ari denez, iritsiko da momentu bat non populazioaren gehiengoa immunizatuta egongo garen".
Ikerlari barakaldarrak ez du uste, nolanahi ere, fase horretan gaudenik. "Momentu honetan ez daukagu ebidentzia nahikorik esateko endemiara pasatuko garenik, eta batez ere uste dut azkarregi joaten ari garela. Seguruenik endemiara pasatuko garela? Bai, baina noiz? Hori da ez dakiguna".
Hiru adituak bat datoz arinegi dela seigarren olatua azkena izango dela esateko, edota udaberri edo uda partean covid-19a endemiko izango dela ziurtatzeko. Zuhur agertu dira denak, pandemia honek eman digun lezioetako bati jarraiki.
"Ez dakigu zenbat eta zein aldaera sortuko diren, edo horietatik zenbat geratuko diren eta zein ezaugarri izango dituzten. Denek ez dute omikronen bidetik jarraitu behar", ohartarazi du Ana Galarraga Elhuyarreko adituak.
Omikronekin ere, duda-mudak
Azaroan Hegoafrikan izendatu zuten aldaerak, gaur egun gurean nagusi den omikronek, kasuak biderkatu zituen mundu zabalean. Aurreko aldaera baino 70 aldiz kutsakorragoa zela ebatzi zuten adituek, sintomatologia arinagoa sortzen bazuen ere.
Horren harira, zalantza agertu du Izortze Santinek: "Nik oraindik ez daukat guztiz argi omikron arinagoa denik. Orain arte ditugun datuak animalietan lortutakoak dira edota eredu zelularretan egindako esperimentuen datuak. Benetan pertsonengan duen eragina zer-nolakoa den ikusteke dago. Txertatuta daudenengan bai, arinagoa dela ematen du, baina txertatuta ez daudenengan arinagoa ote den ikusteke dago".
Ildo beretik mintzatu zaigu Ugo Mayor ere. "Pertsona nagusietan ari gara ikusten kutsatzeak abiadura bizian zabaltzen ari direla, ez dakigu omikron aldaerak zenbat heriotza ekarriko dizkigun. Erreferentzia bakarra Hegoafrika da, eta piramide poblazionalak ez du zerikusirk gurearekin". Euskal Herriko egoera Hegoafrikako egoerarekin konparatzerik ez dagoela berretsi du Ana Galarragak: "Txertaketa maila txikia dute han, populazioa askoz gazteagoa da (batez besteko adina hemengoaren erdia da), faktore klimatikoek ere ez daukate zerikusirik (ipar hemisferioan neguan gaude, han udan), ezta bizimodu sozialak ere".
2022an, zer?
Hala, hasi berri dugun urtea ere ziurgabetasunez eta zuhurtziaz hartu dutela aitortu digute hiru adituek. "Ni eszeptikoa naiz, oso baikor izatea ez da aproposa: azken olatua dela esateak eragiten du jendea erlaxatzea (…) gehiago erlaxatzen bagara, irudikatu ezazue noraino helduko garen ospitaleetan eta ZIUetan", esan digu Santinek.
Pesimismoan murgilduta azaldu zaigu Ugo Mayor bera ere. "Ezkor nago, baina ez pandemiak berak izan dezakeen eboluzioagatik, baizik eta bi urte pasatu eta gero, ez garelako inplementatzen ari ikasitakoa. Badakigu transmisioa nola eteten den, badakigu zeintzuk neurrik funtzionatzen duten hobeto eta zeintzuk ez, eta, halere, arlo askotan, ez goaz norabide onean", salatu du.
Horren adibide zehatza jarri digu Ikerbasqueko kideak. "Gabonetan halako itzaltze informatibo bat izan dugu, abenduaren 22tik urtarrilaren 3ra arte ez dute hildakoen daturik eman, eta horrek lagundu du kutsatzeak biderkatzen, indartsu zetorren olatu bat are indartsuago bilakatzen", esan digu.
Santinek beste arrazoi bat ere aipatu digu. "Daukadan inpresioa da gure agintariek arrautza guztiak txertaketaren saskian jarri dituztela eta ez dituztela uztartu beste neurri batzuekin. Horregatik gaude gauden momentuan".
Neurri horiek zeintzuk izan beharko liratekeen galdetuta, honakoa bota du EHUko Biokimika irakasleak. "Olatu hau geldiaraztea, gauden momentuan, ezinezkoa da, baina aurrera begira, txertatzen eta pedagogia egiten jarraitu beharko genuke. Azaldu beharko genuke birusaren transmisioa leku itxietan ematen dela batez ere (…); beraz, leku itxiak seguruak egiteko neurriak hartuko nituzke: aireztapena bermatuz, CO2 neurgailuak jarrita leku itxietan, eta aireztapena egitea ezinezkoa bada, EPA filtrodun aire garbigailuak ezartzea garrantzitsua izango litzateke. Eta horretarako dirulaguntzak eman, noski. Eta osasungintza eta Lehen Arreta indartzea", laburbildu digu.
Gaur-gaurkoz dugun egoera epidemiologikoaren argazkia egin digu segidan Ugo Mayorrek: "Une kritiko batean gaude, eta ez dakigu zer gertatuko den bizpahiru astetan. Txanpona botata dugu, kutsatzeak gertatu dira". Datozen asteotan bi agertoki aurreikusi ditu Mayorrek: lehena, gizarteak eta sistemak berak eustea, eta bigarrena, dena hankaz gora geratzea.
Agertokirik baikorrenari helduta ere, etxeko lan batzuk egiteke ditugula azpimarratu du Elhuyarreko Ana Galarragak. "Oraingo kolpea baretzen denean, azaleratuko dira osasun larrialdiagatik artatu gabe utzi ditugun gaitzen ondorioak edo ia ahaztuta utzi ditugunak: buruko osasuna, covid iraunkorra (…), baita adinekoen zaintzaren ereduaren eta osasun sistemaren hutsuneak ere".