Gizartea -
Sexu-abusuak
Kote Cabezudori 2.388 urteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu du akusazio partikularrak
Era berean, Cabezudori 20 urteko inhabilitazioa aplikatzea eskatu du abokatuak, baita 13 biktimarentzako 1.715.000 euroko kalte-ordaina ere.
Agentziak | EiTB Media
Akusazio partikularrak Kote Cabezudo argazkilari donostiarrari 2.388 urteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu du. Hainbat delitu leporatzen dizkio, besteak beste, 152 sexu-abusu penetrazioarekin.
Iruzur, intimitatearen aurkako, osotasun moralaren kontrako, adingabeak galbideratzea eta sexu-abusu 194 delitu deskribatu ditu Mario Diez abokatuak idatzian.
Era berean, Cabezudori 20 urteko inhabilitazioa aplikatzea eskatu du abokatuak, baita 13 biktimarentzako 1.715.000 euroko kalte-ordaina ere.
13 salatzaileren kasuak deskribatu ditu akusazioak. Ustez Cabezudok engainatu zituen, eta argazkiak biluzik atera zizkien, materiala pornografia webgune batean erabiltzeko, idatziaren arabera.
Akusazioaren hitzetan, Cabezudok hiru hamarkada eman zituen argazkilari bezala. Modeloei "alderik intimoenak sekula ikusi" behar zirela ziurtatu zien, baita "biluzik agertzen baldin baziren ez zituela irudiak argitaratu behar" ere.
Ondoren, materiala modeloak "behartzeko eta material pornografiko berria ekoizteko erabiltzen zuen mehatxupean, batzuetan isilekoa, beste batzuetan esplizitua, publiko egiteko".
Nahiz eta modelo batzuek argazkilariari irudi eskubideak berriz erosi, emakumeen argazkiek eta bideoek pornografia webguneetan jarraitzen zuten.
"Kasurik larrienetan, haren figurak eta adin aldeak sortzen zuten ikara aprobetxatuz, biktima batzuk menperatu eta sexu eraso eta abusuak egin zituen", azaldu du akusazioak.
Konkretuki, kasurik larriena 2004an Cabezudorekin lanean hasi zen modelo batena da, orduan 14 urte zituen, baina heldutasunera arte jarraitu zuen. Argazkilariak sexu-abusuak penetrazioarekin egin zizkion, "gutxienez 150 aldiz 150 egun ezberdinetan".
Cabezudok ustez bortxaketa batzuk grabatu zituen, webguneetan paratuz eta pornografia atarietan partekatuz, idatziak erantsi duenez.
Akusazioak 14 urte eta hiru hilabeteko espetxealdia eskatu du sexu-abusu bakoitzeko, hau da, 2.137 urte eta erdi.
Gainera, beste bi modelori egindako sexu-abusuak salatu ditu akusazioak. 8 urte eta erdiko kartzelaldia eskatu du bakoitzarengatik.