Gizartea -

Koronabirusa

Gabonetako oporraldiaren ostean aurrez aurreko eskolak hastearen alde agertu da Jaurlaritza

Espainiako Gobernuak, baita, egun horretarako aurreikusi du opor osteko itzulera, eta horixe da astearteko bileran autonomia erkidegoei proposatuko diena.

Urtarrilaren 10ean aurrez aurreko eskolak hastearen alde agertu da Jaurlaritza
Urtarrilaren 10ean aurrez aurreko eskolak hastearen alde agertu da Jaurlaritza
Hezkuntza Saila eta sindikatuak, presentzialtasunaren aldekoak

1:16

L. Z. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak proposamen hau egingo die autonomia erkidegoei astearte honetan egingo duten bileran: aurrez aurreko eskolak urtarrilaren 10ean hastea, maila eta ikastetxe guztietan. Euskal Autonomia Erkidegoan gertatuko dena, baina, Eusko Jaurlaritzak erabakiko du, horretarako eskumena baitauka. Antza denez, Espainiako Gobernuarekin bat dator afera honetan Urkulluren gobernua, eta aurrez aurreko eskolen aldeko apustua egingo du. Sindikatuek begi onez ikusi dute erabakia.

Dena den, Hezkuntza eta Osasun sailak egoera aztertzen ari dira oraindik ere, egungo protokoloak indartu ala ez deliberatzeko. Neurri berriak ezartzea babestu badute ere, baliabideak indartzea eskatu diote sindikatuek Jaurlaritzari. Haien ustez, irakasleen artean baja asko baleude, zerrenda bereziak osatu beharko lituzkete, betiere, eskolak ixtea "azken aukera bezala" utzita.

Horrenbestez, Osasun sailak ikastetxeetan atzematen dituzten positiboen aurrean nola jokatu erabakiko du, halaber.

Ezohiko bilera

09:00etan ekingo diote Moncloa Jauregian astearteko ezohiko bilerari. Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariak ez du bertan parte hartuko, covid-19ak jota baitago, baina telematikoki batzartuko da gainerako erkidegoetako ordezkariekin.

Bileran, Hezkuntza, Osasun eta Unibertsitate buruak izango dira, baita erkidego ezberdinetako ehun bat kontseilari ere. Horien guztien artean pandemiaren egoera aztertuko dute, eta ikastetxeek horri aurre egiteko bigarren lauhilekoan hartu beharreko neurriak adostuko dituzte.

Biharko hitzorduan eztabaidagai izango duten kontu bakarra izango da aipatutakoa. Espainiako Gobernuko iturriek aurreratu dutenez, erkidego guztiek, Madrilek salbu, aurrez aurreko eskolen alde egingo dute.

Izan ere, erkidegoek uste dute ikastetxeak toki seguruak direla, non 6 urtetik gorako haurrek maskara erabiltzen duten, eta osasun neurri guztiak errespetatzen dituzten. Gainera, ikasgeletan aireztapen egokia egon ohi dela nabarmendu dute.

 

     

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gabonak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Oporrak Umeak Koronabirusa