Gizartea -

Koronabirusa

Lehen eskola eguna dute Ipar Euskal Herrian, omikron aldaeraren olatu betean

Ikastetxeetan, kasuen miaketa gogortu egin dute positiboen kontaktu estuetarako. Gelak ez dira itxiko hiru kasu daudenean; aitzitik, ikasleek hiru test egin beharko dituzte lau eguneko tartean, bilakaera egiaztatzeko.

Haurrak Hendaian. Argazkia: EITB Media.
Haurrak Hendaian
Haurrak Hendaian. Argazkia: EITB Media.

L.Z. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, urtarrilaren 3an, itzuli dira Ipar Euskal Herriko haurrak eskolara Gabonetako oporraldiaren ostean. Azken egunotan gora egin du covid-19aren eraginak, eta horrek Frantziako Gobernua behartu du positiboen kontaktu estuen bilaketa gogortzera. Gelak ez dira itxiko hiru kasu daudenean; aitzitik, ikasleek hiru test egin beharko dituzte lau eguneko tartean, bilakaera egiaztatzeko.

Seaska ikastolen elkarteak hilabete zaila aurreikusi du, eta baliabide faltagatik kexu agertu da. "Pentsatzen dugu urtarrila desantolatua izango dela", adierazi du Peio Jorajuria Seaskako presidenteak.

Esan bezala, intzidentzia-tasa inoiz baino altuagoa den honetan, eskolako protokoloak berdin-berdin jarraitzen du. Ikasgela batean kasu positibo bat atzematen bada, ikasle guztiak etxeratzen dituzte; eta testa egin eta emaitza negatiboa emanez gero, banan-banan itzularazten dituzte eskolara. Horregatik, gaur egungo intzidentzia mailarekin, ikasleak etengabe joan-etorrian ibiliko direla uste du Jorajuriak. Gainera, irakasleak positibo ematen badu, ez da ordezkorik izango, eta, beraz, ikasgelak itxi beharko dituzte.

Krisiari aurre egiteko orduan, baliabide falta dagoela nabarmendu du Jorajuriak. Dena den, baikortasunerako arrazoiak ere badira aurten, adibidez, Hezkuntza ministerioak argitaratutako azken zirkularra; momentuz, euskarazko murgiltze eredua babesteko balio duena: "Hauskorra bada ere, epe laburrerako nahikoa da", azpimarratu du horri buruz Jorajuriak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Gaixotasunak argazkiak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza sistemako albisteak Medikuntza albisteak Umeak albisteak gaur COVID fokuak