Gizartea -
KORONABIRUSA
Felix Zubia: "Azken olatu handia izan daiteke hau"
Donostia Ospitaleko Zaintza Intentsiboetako Unitateko buruak azaldu duenez, bertako laborategian aztertutako 10 laginetatik 8 omikronenak dira gaur egun. Kutsatu eta bosgarren egunetik aurrera sukarraz jarraituz gero kezkatzeko aholkatu du.
XABIER URTEAGA | EITB MEDIA
Covid-19aren pandemia gorenean den honetan, Felix Zubia Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitateko zerbitzuburuak Euskadi Irratian baieztatu du ospitaleko laborategian aste honetan aztertuko 10 laginetatik 8 inguru omikron aldaerakoak izan direla, eta kutsatzeak hainbeste zabaltzen ari direnez, "azken olatu handia" izan daitekeela adierazi du.
Ez da covid-19aren "erabateko amaiera" izango Zubiaren ustez, birusak gure artean jarraituko duelako, baina itxura guztien arabera seigarren olatua "azken kolpe handia" izango da: "Zergatik? Ia gehienok pasatuko dugu hurrengo asteetan eta hor sortzen den inmunitate natural horrek eta hor sortzen diren defentsa horiek babesa emango digutelako, eta ondoren, aldaera berriekin kutsatuko gara, pasatuko dugu koronabirusa bigarrengoz, hirugarrengoz edo laugarrengoz ere, baina oso modu arinean pasatuko dugulako".
Omikron alderak eragindako sintomak gripearen antzekoak dira, eta ZIUetako medikuaren esanetan, sukarrak zenbait irauten duen zaintzea da garrantzitsuena: "Sukarra izatekotan, lau-bost egunez gehienez, izan beharko genuke. Sukarra bosgarren egunetik aurrera luzatzen bada, pneumonia bat garatzen ari gara. Badira pneumonia arinak ere, baina ez da bilakaera ona eta hortik aurrera kezkatzen hasi beharko genuke; eta horri arnasestua gehitzen bazaio, hor bai, berehalakoan laguntza eskatu beharko genuke, zeren pneumonia hori larritzen ari zaigu".
Datozen egunetan kutsatze kopuruak gora egingo duela uste du Zubiak, eta ondorioak hiru aste barru jakingo ditugu. Horren aurrean erabakiak hartzeko unea dela dio eta zientzialarien artean dauden bi jarrerak aipatu ditu: bat, omikron arinagoa denez probak egiteari utzi eta gaitza etxean pasatzea, arreta kasu larrietan jarrita; eta bestea, neurri zorrotzak hartzea omikronek hedatzeko duen gaitasun handiak osasun sistemaren kolapsoa eta heriotza asko ekar ditzakeelako. "Baten eta bestearen aldeko datuak daude baina batek ere ez du erabateko pisua, bestela garbi legoke zer egin. Orain aukeratu behar da eta zer aukeratu zaila da".Eskolen inguruan ere erabakia hartu behar dela adierazi du Zubiak, indarrean dagoen protokoloari eutsita, astebetera gelak itxi beharko dituztela iragarri du. Beste aukera geletara itzuli gabe eskolak on line egitea dela gogorarazi du.