Gizartea -
KORONABIRUSA
5 eta 11 urte bitarteko hiru haurretik batek txertoaren dosi bat jaso du EAEn
Osakidetzak 46.490 txerto pediatriko eta 726.795 errefortzu dosi jarri ditu. 12 urtetik gorakoen % 39k jaso dute errefortzu dosiren bat.
AGENTZIAK | EITB Media
Osakidetzak 5-11 urtekoak txertatzen jarraitzen du eta dagoeneko hiru haurretik batek (% 32) gutxienez txertoaren dosi bat jaso dute, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gaur zabaldu duen txertaketari buruzko buletinaren arabera. Orain arte, Osakidetzak 46.490 txerto pediatriko jarri ditu, eta % 3,8k koronabirusaren aurkako txertoaren pauta osoa dute.
Azken egunetan, koxka bat egin du gora haurren txertaketa kanpainak. Hiru egunetan, 11.284 txerto jarri ditu Osakidetzak. Dagoeneko haurren % 32k jaso dute lehen dosia, eta astelehenerako guztien % 24,3k jasota zuten. Haurren kanpaina hasi zenetik, 46.490 txerto jarri dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan.
Gainerako adin tarteetan ez da aparteko gorabeherarik izan. 20 eta 39 urte bitarteko helduen artean, dosi bat edo biak jaso dituztenak guztien % 90 baino gutxiago dira.
Bestalde, Osakidetzak dagoeneko 726.795 errefortzu dosi jarri ditu. 12 urtetik gorakoen % 39k hartu dute horrelako dosiren bat.
Guztira, EAEn 4.124.267 txerto jarri dituzte: 1.834.873 pertsonak jaso dute txerto bat gutxienez, eta 1.812.196k dute jada pauta osoa.