Gizartea -

Koronabirusa

11.712 kasu berrirekin, EAEn ia 3.000koa da intzidentzia metatua

Positibotasun tasa % 35,1ekoa da. 455 lagun daude covid-19arekin ospitalean, bezperan baino 25 gehiago. Gainera, 115 pertsona daude larri ZIUtan, hilaren lehenean zeudenak halako bi.

Osasun langileak eri bat artatzen Basurtuko Ospitaleko ZIUn. EFE
Osasun langileak eri bat artatzen Basurtuko Ospitaleko ZIUn. EFE
Osasun langileak eri bat artatzen Basurtuko Ospitaleko ZIUn. EFE

O.P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez, asteazkenean 11 712 covid-19 kasu hauteman dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Errekorra da, eta ia bikoiztu egin du astelehenean jakitera eman zen kutsatze berrien kopurua (6 568 positibo).

Positibotasuna % 35,1ekoa izan da (asteazkenean 33 388 proba egin dira), eta intzidentzia-tasa metatua 14 egunetan 100.000 biztanleko 2976,39ra igo da. R0 edo oinarrizko birsorkuntza tasa 1,60koa da, hau da, koronabirusean positibo emandako pertsona bakoitzak 1,6 pertsona kutsatzen ditu batez beste.

Adin-tarteen arabera, nabarmentzekoak dira 20 eta 29 urte bitarteko pertsonen artean izandako kutsatzeak eta intzidentzia; adin tarte horretan 2347 positibo berri zenbatu dira egun bakarrean eta azken 14 egunetako intzidentzia-tasa 5940 kasukoa da 100.000 biztanleko. Txertaketa-tasa txikiena duen adin-tartea da (% 82,1).

Lurraldeka, Araban 2593 kasukoa da intzidentzia metatua, atzo 1403 kasu atzeman ostean. Bizkaian 5487 kasu zenbatu zituzten atzo, eta horrek 2813 kasura igo du intzidentzia (1939 kasukoa zen hilaren 27ko txostenean). Gipuzkoan ere gora egin du intzidentziak: 3298 kasu 100.000 biztanleko, asteazkenean 4686 kasu berri zenbatu ostean.

Kutsatzeen igoerak areagotu egin du ospitaleko presioa ere. Gaur egun, 455 lagun daude covid-19arekin ospitalean. Gainera, 115 pertsona larri daude, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan. ZIU oheetan dauden gaixoen kopurua hilaren hasieran zeudenen bikoitza da, 55 ziren orduan.  

Gipuzkoako egoitzetan 50 kasu berri hauteman dituzte

Bestalde, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan 50 covid-19 kasu berri hauteman dituzte azken orduotan. Hala, 80 kasu daude aktibo, guztira, foru egoitzetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, ez da hildakorik egon eta lau pertsonak gaixotasuna gainditu dute. Gainera, 34 erabiltzaile ospitaleratuta daude, covid-19az kutsatutako egoiliarrentzako erreferentziazko zentroetan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Osasun larrialdia Covid pasaportea