Gizartea -

KORONABIRUSA

Koarentenak laburtzea eta estadioetako edukierak murriztea aztertuko dute gaur Ministerioak eta erkidegoek

Andaluziak, Madrilgo Erkidegoak eta Gaztela Leonek koarentenak murriztea defendatu dute. Nolanahi ere, behin betiko erabakia datorren astean bilduko den Osasun Publikorako Batzordeak hartu beharko du.

Reale Arena. Artxiboko argazkia: EFE
Reale Arena
Reale Arena. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluko Osasun Publikorako Batzordean biltzen diren Osasun Ministerioko eta autonomia erkidegoetako ordezkariek koarentenak laburtzea eta kirol ekitaldi jendetsuetako edukierak murriztea izango dute aztergai gaur arratsaldeko batzarrean.

Horiek dira Carolina Darias Osasun ministroak autonomia erkidegoekin egingo duen bileran jorratuko dituen gaietako batzuk. Horiez gain, gaurko gai-zerrendan ageri da egoera epidemiologikoaren bilakaera aztertzea. Izan ere, Espainiar Estatuan 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia metatua 1.360 kasukoa da, omikron aldaerak bultzatuta. Dena dela, oraingoz kutsatzeek ez dute aurreko olatuetan adinako eraginik izan ospitaleetan.

Andaluziak, Madrilgo Erkidegoak eta Gaztela Leonek koarentenak murriztea defendatu dute. Aste honetan bertan Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak RNEn egindako elkarrizketa batean, ez du baztertu denbora horiek laburtzea.

Nolanahi ere, behin betiko erabakia datorren astean bilduko den Osasun Publikorako Batzordeak hartu beharko du.

AEBk eta Erresuma Batuak isolamendu aldia murriztu dute. Italiak, bere aldetik, koarentena.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak aurreratu duenez, "gaur arratsaldean" erabakiko dute covid-19ko positiboen berrogeialdia hamar egunetik bostera murriztuko den, Estatu Batuetan, esaterako, ezarritakoaren ildotik.

Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak, bere aldetik, adierazi du euskal patronala covid-19 sintomarik gabeko kutsatutako pertsonen berrogeialdia hamar egunetik bostera murriztearen aldekoa dela, irizpide zientifikoek hala bermatzen badute. Ohartarazi duenez, Euskadin 2021ean absentismoa "oso handia" da eta horrek eragina du  produktibitatean.

Futbol estadioetako edukierak erdira murriztea defendatu du Aburtok

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren hedatzeari aurre egiteko ezarritako azken neurriak defendatu ditu eta bat etorri da 5.000 pertsona baino gehiago hartzeko gaitasuna duten espazioen edukiera erdira murriztearekin. Aipaturiko hori eta beste murrizketak urtarrilaren 28ra arte egongo dira indarrean EAEn.

Dena dela, gaur arratsaldeko bileran Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek kirol instalazioetako edukieraren inguruan erabakiko dutenaren zain dago Eusko Jaurlaritza.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Kataluniako albisteak Gaurko albisteak Nafarroan Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Espainiako Gobernua argazkiak Espainia Gaixotasunak bideoak Gizartea Albisteak Gaur Albisteak Madril albisteak gaur Osasunari buruzko albisteak Galizia azken ordukoa Kantabria azken ordukoa Asturias albisteak Koronabirus-agerraldiak Valentziako Erkidegoa Logroño azken ordukoa