Gizartea -
Koronabirusa
Osakidetzak lehentasuna emango dio kolektibo zaurgarrien jarraipenari
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak miaketa eta bilaketa protokolo berrien berri eman du, positibo eman dutenekin edo sintomen bat dutenekin harremanetan jartzeko.
I. G. | EITB MEDIA
Osakidetzak lehentasuna emango dio egoera zaurgarrian dauden kolektiboen (adinekoak, haurdunak, immunodeprimituak eta txertoa hartu ez dutenak) covid kasuen bilakaeraren jarraipenari.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu duenez, pandemiak gora egin duenez, zaintza eta miaketa protokoloak egokitu eta eguneratu behar dira.
Osakidetzak atzemandako kutsatze-kopuru handiaz gain, osasun-sistemak harreman estuen 10.000 test eskaera inguru jasotzen ditu egunero, 3.000 positibo inguru farmazietan, eta klinika pribatuek hautemandako kasuak 500-600 izatera iristen dira.
Egoera horren aurrean, Osakidetzak ahaleginak egingo ditu positibo eman duten eta kolektibo kalteberetako kide diren pertsonengana eta beren osasun-egoeran zailtasunak dituztenengana iristeko.
Pertsona horiei jarraipen proaktiboa egingo zaie, eta gainerako positiboei ez, baina isolatuta egon beharko dute, atsedena gordeta eta antitermikoak erabili.
Sintomek okerrera egiten badute edo arnasa hartzeko zailtasunak badituzte, osasun-zentroarekin harremanetan jarri beharko dira.
Jarraipen- eta miaketa-protokolo berri honen helburua komunikazio-kanalak irekita uztea da berehalako arreta behar dutenentzat.
Era berean, formulario berri bat prestatuko da, coviarekin bateragarria den sintomatologia duten pertsonek euskadi.eus webgunearen bidez proba diagnostiko bat egiteko hitzordua jaso dezaten.
Gainera, laneko bajak kudeatzeko atal bat jarriko da martxan, kasu positiboek berrogeialdia egin behar dutenerako. Baja izapidetu ahal izateko, ezinbestekoa izango da Osakidetzaren diagnostiko zuzena, hau da, farmazien testek ez dute balioko, adibidez.
Halaber, proba diagnostikoak hartzeko tokiak ezarriko dira, txertaketa-puntuen antzekoak.
Sailburuak azaldu duenez, positibo baten kontaktu estuek proba diagnostiko bat egin behar dute transmisio katea geldiarazteko.
Txertaketa pauta osoa izanik edo infekzio aktiboren bat izanez gero azken hiru eta bost hilabeteen artean, eta emaitza negatiboa bada, ez da berrogeialdirik egin beharko, baina prebentzio-neurriak zorroztu beharko dira eta adi egon sintomarik agertzen bada.
Kontaktu estuak txertorik ez badu, edo pauta osoa ez badu, eta emaitza negatiboa bada, beste proba bat egin beharko da lehenengo proba egin eta 8 egunera. Kasu horretan, etxean berrogeialdia egin beharko da, positibo baten zuzeneko kontaktua dela jakiten den unetik.