Gizartea -
radio euskadi
Amaia Mayor: "Ez dugu osasungintza publikoak greba egitea baztertzen"
Amaia Mayor Satse erizainen sindikatuko bozeramaileak salatu du Lehen Mailako Arretaren egoera "eutsiezina" dela, eta gerra garaiko arreta eskaintzen ari dela.
eitb media
Covid kasuak marka guztiak hausten ari direnean, Satse erizainen sindikatuko bozeramailea Lehen Mailako Arretaren egoeraren aurka mintzatu da.
Radio Euskadin eskainitako elkarrizketan, Mayorrek deitoratu du zerbitzu hori "ahaztuta" gelditu dela, ospitalekoaren parean. Azaldu duenez, "medikuak, pediatrak eta erizainak" falta dira, baina "urrutitik" datorren arazoa da, eta pandemiarekin "larriagotu" da.
Zentzu horretan, "eutsiezin" gisa definitu du langileen eta pazienteen egoera. Nabarmendu duenez, urriko errefortzu faltarekin eta seigarren olatuaren indarrarekin sistemaren saturazio berri bat hauteman dute.
Deitoratu du arakatzean zein txertaketan aritzen ziren "lau mila profesional" inguru baztertu dituztela, eta orain, aitortu duenez, ezinezkoa da birkontratatzea, talentu-ihesa dela eta. Hau da, beste erkidegoetatik zetozen profesional horietako asko euren jatorrizko lekuetara itzuli dira lanik gabe gelditu ostean.
Amaia Mayorrek osasun-langileen egoerari buruz ohartarazi du, 22 hilabete daramatzatelarik covidaren aurkako borrokan. Lehen Mailako Arreta, adierazi duenez, "gerra garaiko arreta" eskaintzen ari da.