Gizartea -

Droga-trafikoa

Hego Euskal Herrian droga-trafikoan aritzen zen talde kriminal bat desegin dute

2,5 kilo kokaina, kilo erdi heroina, 18 kilo haxix eta 7 kilo marihuana kukulu atzeman dituzte, baita 160.000 euro baino gehiago ere.

Euskadin eta Nafarroan droga-trafikoan aritzen zen talde kriminal bat desegin dute

1:18

I. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak eta Nafarroako Guardia Zibilak polizia-operazio bat egin dute elkarrekin, eta Hego Euskal Herrian droga-trafikoan aritzen zen erakunde kriminal bat desegitea lortu dute.

Nafarroan kokatutako substantzia estupefazienteen zenbait saltokiren inguruan lortutako informazioren ondorioz, beharrezko kudeaketak egin eta etxe horietatik jende asko pasatzen zela egiaztatu zen.

Lehen ikerketen ondoren, kokaina, heroina, haxixa eta marihuana saltzeko balizko lau gune identifikatu zituzten Lizarra inguruan. Salmenta-puntuak aztertuta, salmenten bolumen handia antzeman zen.

Ikerketan zehar, Nafarroako lau salmenta-gune horiek drogaz hornitzen zituen pertsona identifikatzea lortu zuten, eta Bizkaira joaten zela substantzia estupefazienteak zabaltzera egiaztatu zuten, batez ere heroina eta kokaina.

Era berean, Portugaleten eta Santurtzin jarduten zuen talde kriminal bat zegoela jakin zen, baita haren osagaiak, egitura eta hierarkia, jarduteko era eta substantzia estupefazienteak gordetzeko nahiz saltzeko erabiltzen zituzten establezimenduak eta higiezinak identifikatu ere.

Aldi berean, 19 etxe miaketa egin ziren, baita tailer mekaniko batean ere. Miaketa horietako 11 Lizarran, Larragan eta Aiegin egin ziren, Nafarroako Foru Erkidegoan, eta beste zortzi Portugaleten, Santurtzin eta Getxoko tailer mekanikoan. Era berean, Portugaleteko lau taberna ikuskatu eta miatu zituzten, ustez droga desberdinak saltzen zituztelako.

Erregistro horien ondorioz, 2.500 gramo kokaina, 500 gramo heroina, 18 kilo haxix, 7 kilo marihuana-kukulu, 160.000 euro baino gehiago eskudirutan, erakundearen zaintzarako erabilitako drone handi bat, errebolber detonagailu bat, defentsa zabalgarri bat, pistola taser bat, doitasun-baskulak, material informatikoa eta bederatzi ibilgailu konfiskatu zituzten.

Azkenik, 24 pertsona atxilotu zituzten, baita beste lau ikertu ere, guztiak ere osasun publikoaren aurkako delitu batengatik eta talde kriminaleko kide izateagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Getxo Portugalete Santurtzi Bizkaia Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Drogak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Lizarra