Gizartea -

Kanariak

Palmako sumendia ofizialki eman dute itzalitzat

Hiru hilabeteren ostean, agintariek iragarri dute irailaren 19an hasitako erupzioa amaitu egin dela.

Cumbre Viejako Sumendia, Palman. Argazkia: EiTB
Cumbre Viejako Sumendia, Palman. Argazkia: EiTB
Sumendia itzalita, lasaitasuna iritsi da La Palmara

1:58

agencias | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pevolca Kanarietako Sumendi Arriskuen Prebentziorako erakundeak amaitutzat eman du Cumbre Viejako sumendiaren erupzioa, irailaren 19an piztu zena.

"Erupzioa amaitu da" esan du Julio Perez Kanarietako Gobernuaren bozeramaileak. Izan ere, zientzialariek adierazi dute abenduaren 13an izan zela erupzioaren azken eguna, eta orduan hasi zela sumendiaren indarraren gainbehera erabatekoa.

Perezek azaldu duenez, irailaren 19tan hasi eta 85 egunez iraun duen "sumendi udazkena" izan da Kanarietako Gobernuaren "lehentasuna", eta erupzioa amaituta, "lasaitasuna" sentitzen dute, nahiz eta orain suntsitutako eremuak konpontzera bideratu beharko duten esfortzua.

Julio Perezek lasai, gustura eta itxaropentsu dagoela adierazi du, nahiz eta ohartarazi larrialdi egoerari eusten zaiola, eta Pevolcak indarrean jarraituko duela.

7.000 pertsona ebakuatuta

Astelehenean bertan hasiko dira herritarrak etxera itzultzeko plana aztertzen, "segurua, ordenatua eta mailakatua" izan dadin; izan ere, Perezek aurreratu du ebakuatutako 7.000 pertsonetatik, lehenengoak urtarrileko lehenengo hamabostaldian itzuliko direla etxera.

"Arriskua dagoen bitartean, indarrean egongo da Pevolca", berretsi du Perezek, epe motzean indargabetzeko aukerarik ez duelako ikusten.

Miguel Angel Morcuende Pevolcako zuzendaritzaren bozeramaileak berretsi egin du Perezek esandakoa, eta azpimarratu du "lan gogorra" dagoela oraindik egiteko oinarrizko zerbitzuak berrezartzeko eta sumendiaren gasak kontrolatzeko.

Julio Perezek iragarri du hurrengo pausoak "berreraikitzea, berregitea, hobetzea eta berriro jartzea" izango direla, "eguneroko suntsipen ikaragarria amaituta", azken urteotan babes zibilak aurre egin behar izan dion hondamendi handiena izan baita.

1.219 hektarea

Perezek larrialdi zerbitzu horrek jasotako zenbaki batzuen berri eman du. Hala, Pevolcak 100 batzarretik gora egin ditu irailaren 13tik, hau da, erupzioa hasi baino sei egun lehenagotik.

Azkenean, sumendiaren koladak 1.219 hektarea hartu ditu, eta bi laba adar utzi ditu, 43,46 hektareakoa hegoalderantz eta 5,05 hektareakoa iparralderantz.

Erupzioak 1.576 eraikin suntsitu ditu, katastroaren arabera, nahiz eta 2.988 diren sateliteen datuak aintzat hartuz gero.

370 laborantza hektarea eraman ditu aurrean, gehienak platanondoak, baina baita mahasti eta aguakateak ere. Guztira 73,8 kilometro errepide kaltetu ditu labak.

"Gabonetako opari onena"

"Gabonetako opari onena da", adierazi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, sumendiaren erupzioa amaitu dela jakin duenean.

Sanchezek esker ona eta errespetua helarazi nahi izan die irlako biztanle guztiei, eta jakinarazi die "elkarrekin lanean" jarraituko dutela "erakunde guztiek", kalteak "konpontzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak La Palma sumendia