Gizartea -
Gabon gauean
Etxebizitza-bloke bat hustu dute Hernanin, sute baten ondorioz
Suak kalte handiak eragin ditu, baina ez da zauriturik izan. Udal teknikariek astelehenean aztertuko dute eraikinaren egiturak suteari eutsi dion ala ez.
EITB MEDIA
Hernaniko sei etxebizitzako eraikin bateko bizilagunak kalera atera behar izan dituzte ostiral gauean izandako sutearen ondorioz. Suak, gainera, kalte handiak eragin ditu.
Gertaera 23:10ak aldera izan da, Florida kaleko 108. zenbakiko eraikinean. Antza denez, eta Segurtasun Sailak aditzera eman duenez, sua hirugarren solairuko tximinia batean hasi da.
Sugarrek hiru altueretako eraikineko egurrezko egitura harrapatu eta ke ugari sortu dute; ondorioz, sei etxebizitzak hustu egin behar izan dituzte. Eraikinak kalte handiak jasan ditu goiko aldean eta teilatuaren zati handi bat hirugarren solairura jausi da, eta hirugarren solairu hori, bigarrenera.
Donostiako suhiltzaileak bi ibilgailu eta 15 pertsona erabili dituzte sutea itzaltzeko. Horrez gain, etxebizitza batean zegoen txakur bat erreskatatu dute eta familia batek gordeta zituen Gabonetako opariak ere kalera atera dituzte.
Kalteak inguruko ibilgailuetan
Sua itzaltzen bi ordu inguru eman ostean, suhiltzaileek sua itzalitzat eman dute, baina talde txiki bat bertan geratu da eraikina hozteko eta sua berriro hastea ekiditeko.
Sugarren eraginez, txintxorrak kalera erori dira eta batzuek inguruan aparkatuta zeuden ibilgailuak jo dituzte, kalteak eraginez.
Bizilagunei ostatua bilatu diete
Hustutako etxebizitzetako bizilagunak senitartekoen etxera edo Udalak euren eskura jarritakoetara joan dira. Udal-teknikariek erretako eraikinaren egoera aztertuko dute, bizilagunak euren etxebizitzetara noiz itzuli daitezkeen erabakitzeko.
Hernaniko Udaltzaingoko iturrien arabera, eraikina zaharra da eta kalte handiak jasan ditu. Hori dela era, bizilagunek ezin izango dute asteburu honetan bertan euren etxeetara itzuli.
Beste sute bat, Donostiako etxebizitza batean
Bestalde, Donostian pertsona bat hartatu behar izan dute, etxebizitza batean izandako sutean kea arnasteagatik, Donostiako Udalak aditzera emandakoaren arabera.
Sua 22:00ak aldera hasi zen, Matia kaleko 23. zenbakian dagoen eraikineko bosgarren pisuan. Sugarrek seigarren pisuan ere kalteak eragin dituzte. Suhiltzaileak sua zerk sortu duen ikertzen ari dira.
Sutea Barakaldon
Sutea piztu da eguerdian Barakaldoko (Bizkaia) Retuerto auzoko karrozeria enpresa batean, eta kearen ondorioz, N-634 errepidea itxita egon da ia ordubetez, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
13:00 aldera piztu da sua, ziurrenik autoetakoren baten matxuragatik. Sua beste auto batzuetara iritsi da, eta kearen ondorioz, N-634 errepidea itxita egon da 13:45 arte, sua itzaltzea lortu duten arte.