Gizartea -
gabon gaua 2021
Olentzero eta Mari Domingi, Euskal Herri osoa bisitatzeko prest
Aurten, ikazkinak eta haren laguntzaileak Gasteiz eta Donostia bisitatuko dituzte ohi baino ibilbide luzeagoan, eta beste herri askotan ere izango dira. Bilbok eta Iruñeak, bestalde, bertan behera utzi dituzte desfileak.
i.l.k. | eitb media
Olentzero eta Mari Domingi prest daude Gabon gau honetan Euskal Herriko kaleak ibiltzeko, baina aurten pandemiagatik ezarritako osasun neurriekin bat egin beharko dute. Ostiral honetan, opari-banaketa abiatu aurretik, Gasteiz eta Donostia bisitatuko dituzte, ohi baino ibilbide luzeagoa eginez. Bestalde, Bilbok eta Iruñeak ez dute aurten tradiziozko desfilerik izango.
Gasteizko Udalak desfilea 700 metroan luzatzea erabaki du, pandemiaren bilakaera dela eta, jende pilaketak ekiditeko asmoz. Iparralde gizarte-etxetik abiatu da eta, ondoren, Legutianoko atetik, Frantzia kaletik eta Bake kaletik igaro da, baita Ortiz de Zarate eta Florida kaleetatik ere -hori da aurtengo berritasuna-. Florida eta San Antonio kaleen arteko bidegurutzean bukatu da.
Gipuzkoako hiriburuan ere 18:00etan hasi da kalejira, eta Askatasunaren hiribide inguruko zenbait kaletara zabaldu dute, Gipuzkoa plaza barne. Gainera, haurrek udaletxe aurreko Alderdi Ederreko terrazan jarri duten gunean utzi ahal izan dituzte gutunak.
Bilbon, bestalde, bertan behera gelditu da ikazkinaren eta haren laguntzailearen ohiko kalejira, baina haurrek Arriaga Antzokian egin duten Gabonetako ekitaldi musikalaz gozatu ahal izan dute hiru emanalditan.
Iruñeak ere desfilerik izango ez zela iragarri zuen asteartean, hasierako asmoa mantentzea izan bazen ere. Dena den, lehen erabaki hori hartu zutenean, elkarte antolatzaileak aitortu zuen "barne-eztabaidak eta zalantzak" izan zituztela.
Gauza bera egin zuen Lekeitiok eta, desfilerik ezean, Olentzero eta Mari Domingi udaletxeko balkoira atera ziren ostegun honetan herriko umeak agurtzera, ondoren etxeetatik opariak uzteko.
Baionan ere aurreratu ziren, izan ere, abenduaren 12an iritsi ziren bertara, hainbat musikalarik lagunduta.
Bertan behera uzteak gorabehera, Euskal Herriko herri askok kalejira propioaz gozatu ahal izango dute, eta beste hainbatetan desfile txikiak izango dira auzoetan. Edonola ere, EITBk Gabon zoriontsuak opa dizkizue, eta 2022an txori on asko ikus ditzagula. Zorionak eta urte berri on!