Gizartea -
KORONABIRUSA
Lehendakariak ez du baztertzen Gabonen ostean murrizketak ezartzea, baina epaileen bermearekin
Iñigo Urkulluren ustez, ez litzateke eraginkorra izango beste autonomia erkidego batzuekiko erabaki "isolatuak" hartzea. Denis Itxasok, berriz, esan du lehendakariak neurri gehiago hartzen ez baditu ez dela eskumenik ez duelako, baizik eta EAE barruan ez dagoelako horretarako adostasunik.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Iñigo Urkulluk ostegun honetan azpimarratu du ez duela baztertzen Gabonen ostean murrizketak bultzatzea, baina betiere auzitegien bermearekin. "Egunez egun neurriak bultzatzeko aukera aztertzen jarraituko dut, baina betiere segurtasun juridikoarekin, horretara behartuta baikaude", berretsi du lehendakariak.
Horrela, uko egin dio "oraingoz" covid-19aren hedapena geldiarazteko neurri berriak hartzeari Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), uste baitu ez dela "eraginkorra" beste autonomia erkidego batzuekiko erabaki "isolatuak" hartzea.
"Kontua ez da eskumen propioak iztea, sen ona izatea baizik. Badugu iazko esperientzia. Ezin dira neurriak jarri autonomia batzuetan eta ingurukoetan ez", adierazi du.
Urkulluk adierazpen horiek egin ditu Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara iritsi denean, atzo Presidenteen Konferentzian autonomia erkidego guztientzat neurri komunak hartzeko proposamenak arrakastarik izan ez ondoren, koronabirusaren seigarren olatuaren aurrerapena geldiarazteko.
Eusko Jaurlaritzak atzo iragarri zuen ez duela murrizketarik planteatuko gabonetan, eta familia-topaketetarako gomendioei heldu zien.
Nolanahi ere, Eusko Juarlaritzak pandemiaren bilakaera aztertzen jarraituko duela esan du, egunez egun, neurri berriak bultzatzea beharrezkoa balitz. "Egoera zailtzen bada, ez hemen bakarrik, baita Estatuan ere, neurriak proposatzen jarraituko dut", onartu du.
Urkulluk "erantzukizun indibidual eta kolektiboa" eskatu du, batez ere Gabonetako data hauei begira, eta prebentzio neurriak eta gomendioak betetzeko deia egin du.
Bestalde, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak ostegun honetan ETB1eko Egun on Euskadi saioan adierazi duenez, lehendakariak neurri gehiago hartzen ez baditu, ez da eskumenik ez duelako, baizik eta EAE barruan ez dagoelako adostasunik, eta alkateek olentzero eta erregeen desfileen inguruan hartzen dituzten erabakiei bakarrik erreparatu behar zaiela.