Gizartea -
Gabonetako Loteria
72119 zenbakia, Gabonetako Loteriako bigarren saria Basaurin saldu da osorik
Saria Basauri Eskubaloi Taldeko kideen artean banatu da batez ere, 120 serieri dagozkio 1200 loteria-txartel saldu baititu 400 familia ingururen artean, beraz, bigarren sariak pertsona askoren poltsikoak alaitu ditu. Zenbakiak 177 milioi utzi ditu, guztira, Basaurin.
O.P. | Eitb Media
Gabonetako Loteriaren Zozketa Bereziaren bigarren saria, 72119 zenbakia, Basaurin saldu da osorik, Nagusia kaleko 9. zenbakian dagoen administrazioan, eta gehienbat herri horretako eskubaloi taldeari saldu diote, Basauri Eskubaloi Taldeari, hain zuzen.
Sariak 177 milioi euro utzi ditu Basaurin. Maria Jose Berzosa administrazioaren jabeak itxia zuen denda, loteria-saltzaileen greba dela eta, baina pertsiana zabaldu du bigarren saria banatu duela jakin orduko.
Azaldu duenez, 172 serieetatik 120 eskubaloi taldeari saldu zizkion, hogeita hamar serie inguru itzuli zituen eta gainerakoak leihatilan banatu zituen, txartel txikietan; lehiatilan saldutako horiek 27 milioi euroko saria utzi dute.
Basauri Eskubaloi Taldeak urtero jokatzen du zenbaki berera eta aurten, azkenean, saria izan du, eta ez nolanahikoa, 150 milioi euro banatuko baitituzte.
Klubak hiru euroko 1.200 loteria-txartel saldu ditu, beraz, familia, lagun eta bizilagunen artean oso banatuta egon daitekeen saria da, Jose Angel Garcia presidenteak, emozioari eutsi ezinik, azaldu duenez.
Hiru euro horietatik, 2,40 euro eroslearentzat dira eta 60 zentimo klubarentzako dohaintza; partehartze-txartel bakoitzari 15.000 euroko saria dagokio.
Bigarren saria 10:48an atera da, zozketa hasi denetik ordu eta erdira.