Gizartea -
GABONAK
Olentzeroren eta Mari Domingiren ibilbidea luzatu egingo dute Donostian pilaketak saihesteko
Gainera, Olentzerok eta Mari Domingik hiriko hainbat auzo bisitatuko dituzte autoz, besteak beste, Egia, Intxaurrondo, Altza, Amara eta Morlans, hiri erdialdera joaterik ez duten haurrek agurtzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Abenduaren 24an Donostian egingo den Olentzeroren eta Mari Domingiren desfilea erdialdeko hainbat kaletara zabalduko dute "jende pilaketak saiheste aldera". Gainera, hiriko hainbat auzotara joango dira autoz, bertako haurrak agurtzera.
Hala zehaztu du Eneko Goia hiriko alkateak astearte honetan. Bere iritziz, Euskadiko udalerriek ahalegin handia egin dute desfileak egungo egoerara egokitzeko, eta "horixe da, hain justu, eskatu digutena", gaineratu du.
Kalejira 18:00etan hasiko da, eta Askatasunaren hiribidearen ondoan dauden hainbat kale handitara zabalduko dute, Gipuzkoa plaza barne. Parte-hartzaile guztiek derrigorrezkoa izango dute maskara jantzita eramatea uneoro, baita ibilbidea ikustera joaten den orok ere.
Haurrek udaletxe aurreko Alderdi Ederreko terrazan jarriko den gunean utzi ahal izango dituzte gutunak, aire librean, 15:30etik 17:30era. Horretarako, gurasoek eta adingabeek ilara egin beharko dute, segurtasun-distantzia zainduz eta maskara erabiliz.
Donostiako haurrek ezin izango dute Olentzerorekin eta Mari Domingirekin aurrez aurre egon, ezta haien magalean eseri ere. Argazkiak egin ahal izango dituzte, baina ez da kontaktu zuzenik izango beraiekin.