Gizartea -
Osasun Etxea
Felix Zubia: "Gure ZIUan txertatu gabeak %60tik gora dira"
12 urtetik gorakoen %10 soilik dagoen arren txertatu gabe, zaintza intentsiboetako oheen gehiengoa hartzen dutela azaldu du Donostia Ospitaleko ZIUaren arduradunak.
EITB MEDIA
Txertaketari esker lehen olatuan baino hobeto daude ZIUak, baina kutsaketak gora eta gora doazenez, gero eta okerragoa da egoera. Gaur egun Donostia Ospitaleko ZIUetan dauden 10etik 6 baino gehiago txertatu gabeak dira, populazioan % 10 baino gutxiago izan arren, Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUaren arduradunak jakitera eman duenez. "Egoera kritikoa" dela esan du Zubiak, intzidentzia maila 2020ko udaberrikoaren parekoa dela, "eta orduan denok etxean bukatu genuen. Ospitaleak bete ziren, ZIUak ere bai, adinekoen adinekoen egoitzetan hildako asko izan ziren... Orain txertaketari esker egoera hobea da, baina txarra, hala ere, eta okertzen ari da. Premiako ebakuntzak eta minbiziari dagokizonak bakarrik egiten dira".
"ZIUak %150ean daude, badugu ohe gehiago zabaltzeko aukera baina horrek beste paziente batzuk uztea dakar, pertsonal guztia coviderako erabiltzen delako, kirofanoetako langileak, adibidez. Ez da 2020ko martxoko egoera bezain txarra, baina txarra da, eta zerbait egin behar dugu" hausnartu du. Hala, lehen neurria txertatu ez direnak txertatzeko konbentzitzea dela esan du, datuak emanda: "Txertatua egoteak transmisioa mozten du, %50 inguru edo, eta kutsatuz gero gaitza ondo pasatzen laguntzen du. Gure ZIUan %40tik behera dira txertatuak eta %60tik gora txertatu gabeak. Arrizku gehiago du ez txertatzeak txertatzeak baino".
Une honetan dagoen intzidentzia Lehen Arreta kolapsatzen ari dela ere ohartarazi du: "Egun bakar batean 3.200 kasu gainditu dira Hego Euskal Herrian eta horri ezin zaio jarraipenik eginm Lehen Arreta gainezka eginda dago".
Beti eman ohi dituen aholkuen bidetik, toki itxietan ez biltzeko eskatu du, bazkari eta topaketa handietan ez parte hartzeko, musukoa janzteko eta toki itxiak ondo aireztatzeko.
Agintariei neurriak hartzeko eskatu die, "zenbat eta beranduago hartu orduan eta okerrago" izango delako.
Covid pasaporteari dagokionez, kutsaketak sahiesteko baino txertaketa bultzatzeko elementu gisa ulertzen du Zubiak eta bere iritziz, "hobe da datuen bidez konbentzitzea, horrelakoen bidez baino".
Omikron aldaera azkar zabalduko dela jakina dela berretsi du baina oraindik ez dagoela ziur jakiterik aurrekoak baino arinagoa edo gogorragoa izan den eta Delta aldaera horren gogor jotzen ari den honetan neurriak zorrotz betetzeko deia egin du. "Lau-sei aste beharko ditugu omikronek ze ondorio dituen jakiteko" iragarri du.