Gizartea -

KORONABIRUSA

Asteazkenerako deitu du Presidenteen Batzarra Sanchezek birusari aurre egiteko "neurri partekatuak" hartzeko

Espainiako presidenteak berak egin du iragarpena igande honetan. Lehendakariak eskutitzez eskatu zion bilera hori deitzea pandemiari aurre egiteko tresna gehiago edukitze aldera.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, igande honetako agerraldian. Argazkia: EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, igande honetako agerraldian. Argazkia: EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, igande honetako agerraldian. Argazkia: EITB Media

agenTZIAK | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren presidenteak datorren asteazkenerako, abenduak 22, deitu du Presidenteen Batzarra covid-19aren pandemiari aurre egiteko eta "neurri partekatuak" hartuko dituztela iragarri du.

Bilera telematikoa izango da Senatutik, eta covid-19aren egoera aztertzeko eta kogobernantza eta erakundeen arteko lankidetza indartzeko balioko du, azken asteetan izan den kutsatzeen gorakadari galga jarri asmoz. Sanchezek nabarmendu duenez, koronabirusari aurre egiteko "neurri partekatuak" hartuko dituzte.

"Espainian 100.000 biztanleko 511 kasu daude 14 egunetan, gure inguruko herrialdeetan baino gutxiago, baina ezin dugu ontzat eman", adierazi du Sanchezek igande goiz honetan egin duen agerraldian.

Presidenteen azken Konferentzia joan den uztailaren 30ean egin zen Salamancan, eta Pere Aragones Kataluniako presidenteak hitzorduari planto egiteak eta autonomia-erkidego batzuek, batez ere PPkoek, bilera honen formatuari buruz egindako kexek markatu zuten. Izan ere, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak bi puntu baino ez zituen sartu gai-zerrendan, eta agintari autonomikoek bost minutu baino ez zituzten izan beren azalpenak emateko.

Iñigo Urkullu lehendakariak bilera egiteko eskaera egin zion atzo, eskutitzez

Iñigo Urkullu lehendakariak, beste erkidego batzuek egin duten moduan, bilera egiteko eskaera egin zion atzo, eskutitzez, pandemiari aurre egiteko tresna gehiago edukitze aldera.

Eskutitzean, lehendakariak gogorarazi zion Euskal Autonomia Erkidegoan, txertatu daitekeen populazioaren % 91 baino gehiago txertatu dela, eta une honetan, hirugarren errefortzu dosiak eta 12 urtetik beherakoen txertaketa martxan direla, duela urtebete ez bezala.

"Baina horrekin batera, egia da une honetan azken 22 hilabetetan ezagutu ez dugun intzidentzia-tasa dugula. Eta azken honek eragina du gero eta kezkagarriagoa den ospitaleetako presioan baita Lehen Mailako Arretan ere, beste gaixotasun biriko batzuk ere izaten diren urtaro berean, hain zuzen ere. Honek guztiak bat egiten du interakzio sozial gehiago izaten dugun garaiarekin eta osasun-arloko profesionalen lan-egutegi konplexuarekin" gehitu zuen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa