Gizartea -

MIGRAZOAREN ERRONKA

Migrazio gaien inguruko eskuduntza eskatu du lehendakariak

Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Egunean egindako ekitaldian, Eusko Jaurlaritzak iragarri du 120 udalerri inguruk bat egin dutela Migrazioarako Gizarte Itunarenakin.

Euskadiko udalerriak Migraziorako Euskal Itunari atxikitzeko ekitaldia. Argazkia: EFE
Euskadiko udalerriak Migraziorako Euskal Itunari atxikitzeko ekitaldia. Argazkia: EFE
Migrazio arloko eskumena aldarrikatu du Iñigo Urkullu lehendakariak

1:29

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Immigrazioaren arloko transferentzia eskatu du Iñigo Urkullu lehendakariak gaur, Migratzaileen Nazioarteko Eguna dela eta, Gasteizen egindako ekitaldian: "Euskal harrera-eredua bultzatzen jarraituko dugu, eta lanean jarraituko dugu tresna guztiak eskura izateko, Gernikako Estatutuan jasota dagoen eta Pertsona Migratzaileen Egun honetan erreklamatzen dugun immigrazio-eskumena barne" esan du, eta, aldi berean, "erakunde arteko lankidetzatik eta Hirugarren Gizarte-sektorearekin lanean" jarraituko dutela defendatu du.

Migraziorako Euskal Itun Sozialarekin bat egin dute 120 udalerrik baino gehiagok eta kanpaina amaiera ekitaldia egin dute gaur Iñigo Urkullu lehendakaria, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburua eta Gorka Urtaran Eudeleko presidente eta Gasteizko alkatea buru zirela. "Euskadin demagogia populistari aurre egiteko diskurtso partekatua eta batasuneko irudia finkatzeko" helburuz hasi zuen Eusko Jaurlaritzak duela bi hilabete udalerrien atxikipena biltzeko kanpaina, "Jaso nahi genukeena eskaini" lelopean.

Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak egindako Praktika Egokien Koadernoa jaso dute udal ordezkariek gaur. Koaderno horretan, Itun Soziala udal-eremuan zabaltzeko hogei bat ekimen biltzen dira. Proiektuak eta horiek gauzatzeko metodologia biltzen ditu, batetik, baina baita horrelako ekimenak modu arrakastatsuan gauzatzen ari diren udalen kontaktuak ere. Ermuko Udala da horietako bat.

"Gizarte-kohesioa hainbat kolore, kultura eta sentsibilitateren baturarekin eraikitzeko gai izatea"

Urkulluk eskatu du "gizarte-kohesioa hainbat kolore, kultura eta sentsibilitateren baturarekin eraikitzeko gai izatea". Eta horretarako, "denon inplikazioa" eskatu du. Izan ere, lehendakariak gogoratu du gero eta jende gehiago igortzen dela EAEtik eta gero eta jende gehiagok eskatzen duela nazioarteko babesa.

Errealitate hori "oso presente" dagoela esan du Kulturarteko Herritartasunerako, Immigraziorako eta Asilorako VI. Planean (2022-2025) eta plan horren xedea kulturartekotasunean oinarritutako Aniztasuna Kudeatzeko Euskal Eredua eraikitzea dela nabarmendu du. Eusko Jaurlaritzaren helburua "eskubide eta betebeharrak eskuratzeko berdintasuna duen euskal gizartea" eraikitzea dela adierazi du Urkulluk, "ekitatea sustatu eta aukera-berdintasuna erraztuko duen gizartea", eta "kolektibo behartsuenekin kohesionatuagoa eta solidarioagoa izango dena"; azken batean, "pertsona eta kultura guztien aniztasuna errespetatuko duena".

Aipatzekoa da migrazioaren fenomenoak zazpi heriotza eragin dituela azken hilabeteotan Euskal Herrian. Batetik, lau pertsona hil dira Irunen, Bidasoa ibaian itota, eta beste hiru pertsona hil ziren trenak harrapatuta Ziburun (Lapurdi), mugaren beste aldean.

Migrantes Irun

Migraziorako Euskal Itun Sozialaren gakoak

Eusko Jaurlaritzak sustatutako Gizarte Itunak migrazioaren ertz guztiei "erantzun bateratua eta solidarioa" eman nahi die,  begirada "etiko, prebentibo eta proaktibo"  batekin.  Ez da testua berria, 2013an adostutakoaren eguneratzea baizik.

Itunarekin bat egin duten norbanakoek, elkarteek eta erakundeek hiru premisa jarri dituzte erdigunean: "aniztasuna, elkartasuna eta beharrizana". Halaber, itunean jasotako ardatz nagusiak gizarteko alor guztietan modu transbertsalean lantzeko eta ontzeko konpromisoa hartu dute. Ondorengoak dira zortzi zehar lerroak: elkarbizitza, giza eskubideak, transbertsalitatea, kohesioa, hezkuntza, tokikotasuna, berdintasuna eta hizkuntza

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Migrazioa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Euskadiko Udalen Elkartea albisteak