Gizartea -
Koronabirusa
189tik 385era igo da koronabirusagatik itxitako ikasgelen kopurua EAEn
Aurreko egunean baino 108 ikasgela eta 44 ikastetxe gehiago daude kaltetuta. Bi dira igoeraren arrazoiak: batetik, adingabeen artean covid-19aren eragina areagotu egin dela, eta, bestetik, Hezkuntzako protokoloa aldatu egin dela, eta kasu positibo bakarrarekin gela osoa konfinatzen dela.
Eitb Media
Ostiral honetan 189 ikastetxetako 385 ikasgela daude itxita EAEn koronabirusaren eraginez. Ostegunean baino 108 gela eta 44 ikastetxe gehiago dira eragindakoak.
2021-2022 ikasturtean, Euskal Hezkuntza Sistemak 17.470 ikasgela ditu guztira (2 urtetik unibertsitatez kanpoko derrigorrezko hezkuntza ondoko mailetaraino). Itxitako ikasgelen kopurua ikasgela guztien % 2,20 da.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskadiko ikastetxeetan Covid-19ren intzidentziaren gainean emandako azken eguneraketaren arabera, ostiral honetan ez dago hezkuntza-jarduera presentziala etenda duen ikastetxerik.
Itxitako ikasgelen kopuruak gora egin du ikastetxeetan aplikatzen den Covid-19 Protokoloa aldatu ostean. Joan den asteburutik aurrera, kasu positibo bakarra detektatzen denean ixten da gela osoa, ikasle guztiek egin behar dute testa, eta etxean geratu behar dute testaren emaitza lortu arte. Orain arte, positibo ematen zuen pertsonarengandik gertu esertzen ziren ikasleei baino ez zien eragiten.
Metatutako intzidentziari buruzko azken datuek (joan den asteazkeneko datuak) erakusten zuten intzidentzia 1.745 kasukoa dela 100.000 biztanleko 0 eta 9 urte bitarteko haurren tartean, 1.205 kasukoa 10 eta 19 urte bitartekoen artean, eta 2.547 kasukoa 6 eta 12 urte bitartekoen artean.
Nafarroako Foru Erkidegoan 98 ikasle daude zazpi ikastetxetako zazpi gelatan banatuta. Foru Gobernuak jakitera eman duenez, gaur egun Haur eta Lehen Hezkuntzako 1144 ikasle konfinatuta daude, guztien % 1,88.