Gizartea -
KORONABIRUSA
Intzidentzia metatuak markak hautsi ditu Euskadin eta 1079 kasura iritsi da
Kutsatzeek ere inoiz ikusi ez diren balioak erregistratu dituzte: 2.272 positibo berri egun bakar batean. Gainera, gaixo kritikoen egoerak gora egiten jarraitzen du, eta astebetean 73tik 100era igaro dira.
EITB MEDIA
Covid-19aren intzidentzia-tasa metatua 14 egunetan 1.000 puntutik gorakoa da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 2.200 kasu baino gehiago izan dituen egunean. Ospitaleetako presioak gora egin du berriro, eta R0ak gora egiten jarraitzen du.
Zehazki, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak asteartean (1001 puntu) gainditu zuen muga hori, eta asteazken honetan 1042,41 kasukoa da, inoiz izandako mailarik altuena. Duela astebete, intzidentzia metatua ez zen 800 kasutik gorakoa. Gipuzkoak aise gainditzen du EAEko batez besteko intzidentzia metatua eta 1.521 kasutan dago, eta Araba ere zertxobait gorago dago 1.079 kasurekin; Bizkaian, berriz, 1.000 behera daude, baina gora egin du 711raino.
Osasun Sailak ostegun honetan argitaratutako buletin epidemiologikoaren datuen arabera, Euskadik 13.210 kutsatze gehiago izan ditu azken astean. Asteazken honetan soilik 2.272 positibo berri erregistratu dituzte, inoiz ikusi ez den datua eta duela astebeteko 1421 positiboekin kontrastea egiten duena. Positibotasun-tasari dagokionez, % 13,7koa da.
Datu horiek agerian uzten dute pandemiaren egoerak okerrera egin duela Euskadin, eta halaxe esan du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak: "Markak hautsita" dabil pandemia Euskadin.
Sailburuaren arabera, "datuak ez dira onak. Atzemandako positiboek goia jo dute, eta 2.200 baino gehiago dira, oso datu altua da". "Jendea ospitalean bukatzeko loteria billete asko dira horiek. Izan ere, gaur-gaurkoz 300 pertsona ditugu covid-19ak jota erietxeetako gela arruntetan, eta ZIUetan 100 lagun daude; atzo, 97 ziren", ohartarazi du.
Datuok duela astebetekoekin alderatuz gero, asteazken honetan zenbatutako 2.200 kutsatzeak aurreko asteazkenekoak ia halako bi dira (1.400 pasatxo izan ziren orduan) eta intzidentzia-tasa metatua 200 puntu baino gehiago hazi da.
Ospitaleen egoera ere nabarmen tenkatu da: duela zazpi egun, 73 ziren gaixo kritikoak; atzo, 100 ziren. Gela arruntetan sei pertsona gehiago daude orain, guztira 299 dira.
Horren aurrean, txertatzearen garrantzia nabarmendu du sailburuak: "Talde bat babesten dugun bakoitzean, birusaren eragina talde horretan jaitsi egiten da, eta kutsatuta ere, osasunean dituen ondorioak txikiagoak dira". Sagarduiren hitzetan, txertoa jaso ez duten pertsonen artean ospitaleratzeko aukera sei aldiz handiagoa da, eta ZIUn amaitzekoa, 10 aldiz handiagoa.
R0 indizeak ere okerrera egin du, 1,22koa baita; duela astebete 1,08koa zen. Birusaren birsorkuntza-tasa 1,15ekoa da Gipuzkoan, 1,20koa Araban eta 1,29koa Bizkaian.
Negazionistak "ez ditut ulertzen", aitortu du Osasun sailburuak. "Ez dute txertoa hartu nahi ustezko albo ondorioengatik edo teoria makiavelikoak tarteko. Baina ebidentzia kalean dago: inokulatutako % 91 horiek bizitza normala egiten dute, eta kutsatzeko edo kutsatuak izateko aukera gutxiago dituzte. Euren bizia arriskuan jarri nahi badute, aurrera, ez dut inoiz ulertu, baina ez dezatela beste inoren bizitzarekin jolastu", ohartarazi du.
Covid-19ak ospitaleetako gainerako jardunean duen eraginaz, Sagarduik esan du oraingoz ez dutela urgentziazko arretarik albo batera utzi behar izan, baina onartu du "larritasunik edo premia berezirik ez duten ebakuntzak atzeratu" dituztela.
Jakinarazi duenez, 288 ohe prestatu dituzte ZIUetan, eta "oraindik badago tartea". "Dena dela, dagoeneko 97 covid gaixo larri ditugu, agian kontingentzia maila aldatu behar dugu", erantsi du.
Bestalde, ostegun honetan, 277 ikasgela daude itxita covid-19 kasuengatik, hau da, joan den asteazkenean baino 21 gehiago, 145 ikastetxetan.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskadiko ikastetxeetan Covid-19ak izan duen eraginaren azken eguneratzearen arabera, ostegun honetan ez dago aurrez aurreko hezkuntza-jarduera etenda duen ikastetxerik.
Hala ere, 145 ikastetxek dute eskolaren bat itxita koronabirus kasuengatik, joan den asteazkenean baino hamaika gehiagok. Guztira 277 ikasgela itxi dira, atzoko balantzean baino 21 gehiago, hau da, ikasgelen % 1,59.