Gizartea -
KORONABIRUSA
Zupiria: "Terrazak toki irekiak dira eta barrura sartzen ez bagara, berez, ez genuke ziurtagiria beharko"
Hala ere, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu du kasuistika asko daudela eta egokiena izango dela Jaurlaritza prestatzen ari den galdera-erantzunen dokumentuari itxarotea.
N. B. | EITB MEDIA
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak asteazken honetan adierazi duenez, tabernetako terrazetan ez da covid-19aren ziurtagiria eskatu beharko, toki irekia delako.
Sailburuak Euskadi Irratian azaldu duenez, "terraza bat toki ireki bat da eta barruko aldera sartzen ez bagara, berez, ez genuke beharko ziurtagiria". Hala ere, sailburuak azpimarratu du "kasuistika asko" daudela eta egokiena izango dela Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den galdera erantzunen dokumentuari itxarotea.
Ildo horretan, dokumentua "egun gutxian prest egongo dela" adierazi du.
Zine aretoetan ziurtagiria aurkeztu beharko den galdetuta, Zupiriak esan du "ez dagoela dudarik, beste berme neurri bat baita horietan ere ziurtagiria eskatzea".
Museo eta liburutegien kasuan "seguruena" eskatzea izango dela adierazi du. Horren harira, azaldu du ez lukeela nahi orain bere iritzia eman eta gero dokumentu batek ukatzea berak esandakoa. "Goazen gauzak ondo egitera", gaineratu du.
Hala ere, kasu batzuetan, ostalaritzan esaterako, ziurtagiriaren beharra oso argia zela esan du eta "horietan erabakiak atzeratzeko motiborik ez zegoela" gaineratu du.
Bestalde, futbol zelaietan gertatzen denaz oso kezkatuta daudela esan du, "Eusko Jaurlaritzaren Dekretuak dioelako maskarak etengabe eraman behar direla eta ez dela jan eta edan behar, eta hori ez da betezen ari".
Ildo horretan, taldeekin araua aztertzen jarraituko duela esan du eta baztertu egin du zelaietako edukierak murriztea, klubek indarrean dauden arauak betezen badituzte.