Gizartea -
Zigorra
Oviedoko Auzitegiak 20-22 urteko kartzela zigorrak ezarri dizkie Javier Ardinesen hiltzaileei
Pedro N. zornotzarra, hilketa agindu zuena, eta krimena gauzatu zuten bi gizonak 22 urtera kondenatu dituzte. Jesus M. bitartekari lanak egin zituenari, berriz, 20 urte zigorra ezarri diote. Gainera, 400.000 euroko kalte ordaina eman beharko diote biktimaren familiari.
Agentziak| EITB Media
Oviedoko Auzitegiak 20 eta 22 urteko kartzela zigorrak ezarri dizkie Javier Ardines Llanesko (Asturias) IUko zinegotziaren hilketagatik errudun jotako lau gizonei. Ardines 2018ko abuztuaren 16an hil zuten, Asturiasko bere etxetik gertu.
Pedro N. eta Djilali B. eta Maamar K. auzipetuei jarri diete zigorrik handienak: 22 urte. Lehenengoak, zornotzarra sortzez, hilketa agindu zuela ebatzi zuen herri epaimahaiak, eta beste biek hilketa gauzatu zutela. Jesus M.ri, bitartekari lanetan ibilitakoari, 20 urteko zigorra ezarri dio Auzitegiak.
Epaiketa azaroan egin zuten Oviedoko Lurralde Auzitegian, eta 18 saioren ostean, lau gizonak errudun jo zituen herri epaimahaiak, aho batez.
Kartzela zigorraz gain, biktimaren familiak jaso beharreko kalte ordaina zehaztu du Auzitegiak: Ardinesen alargunari eta seme-alabei 400.000 euro eman beharko dizkiete (200.000 euro alargunarentzat eta 100.000 euro bi semeetako bakoitzarentzat).
Pedro N.ren kasuan, erailketa delituaren bultzatzaile izateagatik zigortu du epaileak. 22 urteko kartzela zigorraz gain, zaintzapeko askatasuna ere ezarri dio. Hala, bost urtean ezingo da Ardinesen familiarengana 100 metro baino gutxiagora egon eta ezingo da eurekin harremanetan jarri.
Jesus M.ri dagokionez, erailketa delituaren ezinbesteko laguntzailetzat jo du Auzitegiak. Pedro N.k bezala, espetxetik ateratakoan bost urtez zaintzapeko askatasunean egon beharko du, eta ezingo da biktimaren familiarengana hurbildu edo harekin hartu-emanetan jarri.
Djilali B. eta Maamar K. auzipetuei erailketa delitua egotzi diete, egile gisa. Kartzelatik irtetean, gainerako zigortutakoen baldintza bertsuak ezarriko dizkiete bost urteko epean.
Epaia ez da irmoa eta helegitea aurkez daiteke Asturiasko Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Zigor Arloko Salan; 10 eguneko epea dago horretarako.