Gizartea -
Koronabirusa
Birusaren transmisioak eta ZIUak gora Nafarroan
709 kutsatze berri zenbatu dituzte eta 15 lagun erietxeratu behar izan dituzte, horietako hiru zainketa intentsiboetako unitateetan.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
700 koronabirus kasu pasatxo, 709 zehazki, atzeman dituzte Nafarroan astearte honetan, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Positibotasun tasa % 14,2an kokatu da.
Aurreko asteetan zenbatutako kopuruetatik gora dago datua, baina goranzko joera apur bat apaldu dela suma daiteke. Izan ere, duela astebete 655 kutsatze izan ziren (+54) baina duela 14 egun, 408 zenbatu zituzten (+301).
Kasuak ospitaleetara heltzen ari dira. Astearte honetan 15 pertsona erietxeratu behar izan dituzte, horietako hiru ZIUn. Guztira, 129 gaixo daude ospitalean (23 ZIUetan).
Tutera da udalerri zigortuena, 42 kasurekin. Segidan ageri dira Iruñeko Txantrea eta II. Zabalgunea, 32 eta 28 kutsatzerekin, hurrenez hurren. Tafallak 27 zenbatu ditu; Zizur Nagusiak, 24 eta Sarrigurenek, 21.
Transmisioa gorantz doan honetan, birusak gogorren kolpatutako talde bat txertatzeari ekin dio Osasunbideak: 5-11 urtekoak. Tafallako Kultur Etxean eta Doneztebeko kiroldegian hasiko dira gaur lehen dosiak jartzen eta bihartik aurrera txertaketa modu orokortuagoan egingo dute Iruñeko Seminarioan. Familiei SMS bidez jakinarazten ari da Osasunbidea dagokien hitzordua.
Txertaketa orokorrari dagokionez, asteartean 6.774 dosi ziztatu dituzte. Guztira, 1.159.057 txerto eman dituzte Nafarroan, eta pauta osoa duten nafarrak 532.691 dira.