Gizartea -

KORONABIRUSA

Euskadik 91 pertsona ditu ZIUetan, eta intzidentzia-tasa metatuaren marka hautsi du, 937 kasurekin

Azken astean 19 pertsona hil dira covid-19aren ondorioz, eta 11.000 kasu berri baino gehiago atzeman dituzte.

Osasun langile bat ZIUetan. Argazkia: EFE.
Osasun langile bat ZIUetan
Osasun langile bat ZIUetan. Argazkia: EFE.

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) intzidentzia-tasa metatuak pandemiako marka hautsi du, azken 14 egunetan 937,3 kasukoa izan baita 100.000 biztanleko; ospitaleetan, berriz, gora egin du koronabirusa duten pazienteen kopuruak, 338 pertsona baitaude gela arruntetan ospitaleratuta, eta 91, zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU). Ekainaren hasieratik ez da halako kopururik izan.

Hala ere, pandemiaren bilakaeraren okertzeak ez du hildako pertsonen kopuruak gora egitea eragin. Azken astean 19 pertsona hil dira covid-19agatik, aurreko asteko kopuru bera, nahiz eta kutsatzeen ondorioz egunero ospitaleratu diren gaixoen kopuruak gora egin duen.

Zainketa intentsiboen unitateetan irekitako 288 oheen % 31,6 covid-19 kasuek okupatzen dituzte, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean jakinarazi duenez.

Sailburuaren hitzetan, "birusaren hedapen unerik txarrenetako batean gaude, jende pilaketa gehiago espero den garaian".

Gotzone Sagardui: ''Egungo egoera ez da ona''
Gotzone Sagardui: ''Egungo egoera ez da ona''
Gotzone Sagardui: ''Egungo egoera ez da ona''

0:52

Sailburuak Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean egin du agerraldia astelehen honetan, covid-19aren pandemiak Euskadin duen eraginaren berri emateko. Bertan esan duenez, "egungo egoera ez da ona", "kutsatzeak etengabe hazten ari dira" eta "ez da aurreikusten datozen egunetan hobera egingo duenik".

Zentzu horretan, igandean 1.425 positibo berri erregistratu zituztela azaldu du, egindako proben % 12,3. Azken astean kutsatzeak ez dira eguneko 1.000 kasuetatik jaitsi, eta ostiralean 2.000 kasu baino gehiago izan ziren.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Gipuzkoak du intzidentzia-tasa metatu handiena (1.428,4 kasukoa). Ondoren, Araba (978,1) eta Bizkaia (601,9) daude. Hiriburuetako intzidentziari dagokionez, berriz, 100.000 biztanleko 1.080,65 kasuraino iritsi da Donostian, 973,05era Gasteizen eta 513,45era Bilbon.

Zazpi eguneko intzidentzia-tasa metatua (epe laburragorako joera adieraz dezake) ere ez da ona. Abenduaren 6an 435,7 kasukoa izan ondoren, igandean 500,5 kasukoa izan da.

Adin-taldeen arabera, 0-9 urtekoak dira intzidentzia-tasa metatu handiena dutenak, 100.000 biztanleko 1.668,3 kasukoa baita tarte horretan; ondoren, 40-49 urtekoak (1.238,9) eta 10-19 urtekoak (1.130,6) daude.

Zehatzago esanda, 6 eta 12 urte bitarteko adin-taldeak (txertorik jarri gabe, kanpaina asteazkenean hasiko baita) 2.522,1eko intzidentzia-tasa metatua du.

Beste datu negatibo bat dago, azken egunotan birsorkuntza-tasak ere gora egin baitu. Covid-19a duen gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen islatzen duen adierazle hori 1,13an dago; altuagoa da Bizkaian (1,17) eta Araban (1,14), eta batezbestekoaren azpitik dago Gipuzkoan (1,09).

Sagarduik gogorarazi duenez, Euskadi osasun-larrialdiko egoeran dago duela hamar egunetik, eta "asko dira osasun-sistemaren tentsioa areagotu duten kutsatzeak".

Osakidetza covid-19aren aurkako Kontingentzia Planaren II. mailan dago, baina Donostia Ospitalean III. agertokira igaro da. Horrek, gogorarazi duenez, premiazkoak ez diren kirurgiak atzeratzea dakar, eta Lehen Mailako Arretan, berriz, gaixo kronikoen jarraipen-kontsultak atzeratzea, besteak beste.

EAEko ikastetxeen egoera

137 ikastetxetan 306 ikasgela daude itxita astelehen honetan covid-19aren eraginez; hau da, joan den ostiralean baino bi gehiago.

Aurrez aurreko eskola-jarduera etenda duen ikastetxerik ez dago erkidego osoan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak astelehen honetan eguneratu dituen datuen arabera.

2021-2022 ikasturtean, Euskal Hezkuntza Sistemak 17.470 ikasgela ditu guztira bi urteko umeentzako gelekin hasi eta unibertsitatez kanpoko derrigorrezko hezkuntzaren osteko mailetaraino, eta astelehen honetan itxitako ikasgelen kopurua guztien % 1,16 da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Osasun larrialdia