Gizartea -
koronabirusa
Haurrentzako 78.000 txerto heldu dira Hego Euskal Herrira
Pfizerren dosiak goizean iritsi dira Madrilera, eta handik erkidegoen artean banatu dituzte. Jaurlaritzak 60.000 jaso ditu, eta Nafarroako Gobernuak, 18.000.
eitb media
Dena prest dago Hego Euskal Herrian asteazken honetan covid-19aren aurkako txerto pediatrikoa ematen hasteko. Osasun zentroetan eta prestatutako guneetan egingo dute, txertodromo eta ospitaleetan batik bat.
Pfizerren lehen sorta goizean iritsi da Espainiara, 5 eta 11 urte bitarteko haurrentzako 1,3 milioi txertorekin. Horiek iritsi eta berehala, Osasun Ministerioak erkidegoen artean banatu ditu, txertoa hartzeko adinean dauden herritar kopuruaren arabera. Txertatzen lehenak arriskuan dauden umeak eta nagusienak (10 eta 11 urte bitartekoak) izango dira.
Haurrentzako dosiek tapoi laranja dute helduen dosietatik bereizteko, eta, horien kasuan ez bezala, formula pediatrikoa 10 mikrogramora murriztu da, ohikoaren heren bat. Gainera, ez du disoluziorik behar.
Euskal Autonomia Erkidegoa
EAErako 60.000 dosiak eguerdian heldu dira Hernaniko biltegira. Etzi hasiko dira txertatzen.
Familiek Osakidetzaren SMS bat jasoko dute ondoren hitzordua eskatu ahal izateko. Txertoak era progresiboan emango dira 11 urtetik behera, dosi libreen kopuruaren arabera.
11 eta 5 urte arteko 145.000 haurrak era progresiboan txertatuko dituzte, zaharrenekin hasi eta gazteenekin amaitzeko. Hala, txertoa lehenago jasoko dutenak 11 eta 9 urte bitartekoak izango dira, eta, dosi erabilgarrien arabera, gero eta gazteagoak txertatuko dituzte, azkenak 5 urtekoei jartzeko.
Aurreikuspenen arabera, Osasun Sailak Pfizer markako lehen sorta bat jasoko du astelehenean. Unera arte, Sendagaien Europako Agentziak baimendutako txerto pediatriko bakarra da. Biztanleria helduari ematen zaionaren prestakin desberdina da, dosia txikiagoa delako.
Nafarroa
Bestalde, Nafarroak astelehenean jasoko ditu 5 eta 11 urte bitarteko haurrak covid-19aren aurka txertatzeko lehen 18.000 dosiak. Landa-eremuetan abenduaren 15ean abiatuko dute prozesua, eta abenduaren 16an Iruñeko eta eskualdeko umeetara zabalduko du, Mintegiko txertaketa-gunea martxan jarrita. Txertaketa adin handiagotik txikiagora egingo da.
Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak aste honetan hedabideei azaldu dienez, hurrengo egunetan helaraziko zaie familiei hitzorduei eta txertaketari buruzko informazio gehiago. Oraingoz, Gobernuak erabaki du haurren txertaketa landa-eremuetan hasiko dela, eta horretarako espazioak diseinatzen ari dira. Kontseilariak azaldu duenez, "printzipioz ez dago aurreikusita eskola-gunean izatea. Opor-egunak hurbil ditugu, eta horiek ere aprobetxatuko dira. Gurasoei jakinaraziko zaie hitzordua nola hartu".
% 90,7ko eraginkortasuna
Lehen bidalketa horren ostean, urtarrilerako espero da 2 milioi dosiko beste bat iristea Espainiara. Horiekin, 5 eta 11 urte bitarteko 3,2 milioitik gora adingabekoen lehen dosiak osatu litezke.
Pfizer etxeak covid-19aren aurka egindako txerto pediatrikoa Sendagaien Europako Agentziak bermatu du. Bertatik ondorioztatu zutenez, adin-tarte horretako haurrek gaixotasuna sintoma arinekin edo sintomarik gabe igarotzen badute ere, txertatzearen onurak arriskuak baino gehiago dira.
Saioetan, txertoak % 90,7ko eraginkortasuna erakutsi du covid-19 sintomatikoaren aurkako prebentzioan. Haurrei ere bi dosi emango zaizkie, baina bien artean 21 eguneko tartea utzi ordez zortzi astekoa utziko dute, adituek hala proposatuta.