Gizartea -
Elkarrizketa
Jaurlaritzak aurki eskatuko dio baimena Auzitegiari covid ziurtagiria beste leku batzuetara zabaltzeko
Bingen Zupiria bozeramailearen hitzetan, ziurtagiria "bere funtzioa betetzen ari da" ostalaritzan eta gaueko aisialdian. Dena dela, "beste neurri bat" baino ez dela azpimarratu du.
EITB Media
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri duenez, gobernuak "datozen ordu edo egunetan" eskatuko dio baimena Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Justizia Auzitegi Nagusiari covid ziurtagiria beste leku batzuetan eskatu ahal izateko. Asmoa, erantsi duenez, "herritarrak babestea da", baita txertaketa sustatzea ere.
Zupiriaren hitzetan, ziurtagiria "bere funtzioa betetzen ari da" ostalaritzan eta gaueko aisialdian (joan den asteburutik derrigorrezkoa da EAEn). Dena dela, "beste neurri bat" baino ez dela azpimarratu du, eta hortaz, gainerako prebentzio neurriak bete behar direla. Besteak beste, maskararen erabiltzeko deia egin du, "barnealdean uneoro, eta Jaurlaritzaren ustez, baita aire librean ere".
Radio Vitorian egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, Jaurlaritza "gertutik" ari da jarraitzen beste erkidego batzuetan, eta batez ere, Europako herrialdeetan egiten ari direla. Zenbait estatuk "txertatuta ez daudenak konfinatzeko" hautua egin dutela esan du Zupiriak, baina "halako neurririk hemen" hartuko ez dutela ohartarazi du. Argitu du, halaber, oraindik ez dutela LABIren hurrengo bileraren data zehaztu.
Azkenik, 5-11 urteko haurrak txertatzen hasiko direla eta, "lasaitasuna eta zuhurtzia" eskatu ditu Jaurlaritzaren eledunak. "Familiek Osakidetzaren deia jasoko dute, apurka-apurka, 11 urtekoetatik hasita. Horrela, txertoak jasotzen ditugunean —datorren astean— eta, betiere jasotzen ditugun dosien arabera, familia horri dagokion osasun zentrora joateko eskatuko zaio".