Gizartea -
Koronabirusa
Pandemia hasi zenetik egun bakarrean hautemandako positibo gehien izan dira Nafarroan
842 positibo atzeman dituzte azken orduetan, eta kopuru horrek aise gainditu du orain arteko marka, 2020ko urriaren 24an hautemandako 698 kasuena. Gainera, bikoiztu egin da duela bi aste atzemandako kasuen kopurua.
O.P. | EITB Media
Osasunbideak 842 positibo berri atzeman ditu azken orduetan, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera. Pandemia hasi zenetik egun bakar batean hautemandako kutsatze kopururik altuena da. Datu horrek nabarmen gainditzen du, gainera, orain arteko marka, 2020ko urriaren 24ko 698 kasuek ezarri zutena.
Bezperan (465) baino 372 kasu gehiago dira, eta bikoiztu egin dira duela bi aste zenbatutakoak (408).
Ostegunean 5.062 test egin dira eta % 16,6k emaitza positiboa izan dute.
Sarriguren da udalerri kaltetuenen zerrendan lehena (42 kutsatu), eta Zangoza (32), Zizur Nagusia eta II. Zabalgunea (31) daude hurrengo postuetan.
Erietxeetako egoerari dagokionez, 7 lagun erietxeratu behar izan dituzte azken orduotan eta bi lagun ZIU oheetara pasa behar izan dituzte. Hala, gaur-gaurkoz, 114 lagun daude erietxean (bezperan baino 10 gutxiago), horietatik 24 ZIUn daude.
Ez da covid-19aren ondorioz heriotzarik izan azken orduotan.