Gizartea -
Koronabirusa
Omikronen aurrean, MOEk neurriak "orain" hartzeko eskatu du, datozen asteak giltzarri izango direlako
Ohartarazi duenez, kutsakorragoa izateak ez du birulentoagoa bihurtzen, baina kasu gehiago sortzen ditu eta, ondorioz, ospitaleko presioa eta heriotzak areagotzea ekartzen du. Horregatik, ospitaleak bete arte ez itxaroteko eskatu du, orduan "beranduegi" izango baita.
Agentziak | EITB Media
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) azkar jarduteko deia egin die munduko herrialdeei, datozen egun eta asteetan finkatuko baita omikron aldaeraren garapena.
"Herrialdeak ospitaleak betetzen hasi arte itxaroten badute, beranduegi izango da. Ez itxaron. Ekin orain", esan du Tedros Adhanom erakundeko zuzendari nagusiak.
Ildo beretik mintzatu da Maria Van Kerkhove MOEko epidemiologoa ere; nabarmendu du ez dela urtarrilera edo otsailera itxaron behar erreakzionatzeko, eta "transmisioa murrizteko osasun publikoko tresna eraginkorrak" erabiltzeko deia egin du. "Egoerak oso desberdinak dira munduko tokiaren arabera baina, delta aldaera da nagusi, oraindik, mundua osoan", azpimarratu du.
MOE zuzendari nagusiak jakinarazi duenez, orain arte, 57 herrialdek jakinarazi dute omikronaren presentzia, eta kopuru hori hazi egingo dela ohartarazi du. Izan ere, haren hedapen globalak eta mutazio kopuru handiak pandemian eragin handia izan dezakeela iradokitzen dutelako, nahiz eta oraindik ezin den jakin zenbaterainokoa.
"Zaintza, probak eta sekuentziazioa areagotzeko eskatzen diegu herrialde guztiei", esan du Adhanomek, eta gogorarazi du orain arteko diagnostiko-probek funtzionatzen dutela, "bai PCRak, bai antigenoetan oinarritutako proba azkarrek". Era berean, azpimarratu duenez, Hegoafrikako azken datuen arabera, "omikronarekin berrinfektatzeko arrisku handiagoa" dago, baina datu gehiago behar dira "ondorio sendoagoak ateratzeko".
Bestalde, Michael Ryan doktorea, MOEren larrialdi-erantzunerako arduraduna, birusaren kutsagarritasunaz aritu da eta esan du kutsakorragoa izateak ez duela "birulentoago edo hilgarriago" bihurtzen.
"Birusei kontrolik gabe transmititzen uzten badiegu, gehiago sortuko dituzte. Deltarekin eta beste aldaera batzuekin ikusi genuen. Kontrolik gabe hedatzea onartzen bada, nahiz eta banaka birulentoagoak edo hilgarriagoak ez izan, kasu gehiago sortzen dituzte. Ondorioz, osasun-sisteman presioa eragiten dute eta pertsona gehiago hiltzen dira. Hori da saihestu dezakeguna", ohartarazi du.