Gizartea -

KORONABIRUSA

Ia 10.000 positibo atzeman dira astebetean eta intzidentzia metatua 800 kasutik gertu dago Euskadin

Ospitaleetako presioak hazten jarraitzen du, eta astelehenean baino hiru gaixo gehiago dituzte ZIUetan. Ifrentzuan, R0 indizeak 15 hamarren egin du behera, eta 1,08an dago.

Osasun langile bat gazte bati proba bat egiten. Argazkia: EFE
Osasun langile bat gazte bati proba bat egiten.
Osasun langile bat gazte bati proba bat egiten. Argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

9.720 positibo berri hauteman dituzte astebetean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta 14 egunetan pilatutako intzidentzia 791 kasukoa da 100.000 biztanleko.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteko buletin epidemiologikoa kaleratu du, abenduaren 2tik 8ra bitartekoa. Aipagarria da aste honetan bi jaiegun gehiago —abenduaren 6a eta 8a— egon arren (proba gutxiago egin ohi dira jaiegunetan), joan den astean baino PCR eta antigeno gehiago egin direla (guztira, 75.586; ia 3.500 gehiago), eta, hartara, 2.000 kasu gehiago zenbatu dira, ia 10.000 kutsatzeen langara helduta. Egun guztietan 1.000 positibo baino gehiago atzeman dira. Positibotasun tasa % 10 (ostiralean) eta % 15,7 (astelehenean) artean kokatu da.

Izurriaren adierazle nagusienek okerrera egin dute. Gora egin dute Osakidetzako ospitaleen sareko logela arruntetan daude pertsonen kopuruak (293, astelehenean baino 27 gehiago) zein larri dauden gaixoak (73 dira, duela lau egun baino 3 gehiago). Ospitaleratutakoen kopuruak ildo beretik jarraitzen du: 26 izan dira, igandean 30 izan ostean.

Bada salbuespenik. Astelehenean jazo zen moduan, R0 indizeak (positibo batek zenbat pertsona kutsatzen dituen adierazten du) beherantz egiten jarraitu du. Oraingoan, 15 ehunen jaitsi da, baina 1etik gorakoa da oraindik (1,08) —epidemiologoen aburuz, 1etik behera egotea da egokiena—. Gipuzkoak du indize txikiena (1,04) eta Bizkaiak eta Arabak berdina dute (1,11).

Ifrentzuan, Gipuzkoak utzi du pilatutako tasaren zenbaki puztuena: 1.200 kasutik gorakoa da jada (1.244, astelehenean baino 127 puntu gehiago). Araban duen eragina ere kezkatzekoa da, 800 puntuak gainditu berri baititu. Bizkaian dute datu txikiena, baina 488 kasukoa da 100.000 biztanleko (astelehenean baino 56 puntu gehiago).

Hala, Azpeitia, Arrasate eta Eibar udalerrietan, esaterako, 2.000 kasutik gorako intzidentzia dute (Azpeitian 3.000ra heldu da), koronabirusaren semaforoaren arabera. Kezkagarriak dira, halaber, Agurainen (Araba) eta Ondarroan (Bizkaia) pilatutako tasak, 2.876 eta 1.961 kasukoak, hurrenez hurren.

Haurrak, gehien kutsatzen direnak

Adinari erreparatuta, aurreko asteetako egoera bertsuan gaude. 6-12 urtekoen artean dago intzidentzia altuena: azken 14 egunetan, 100.000 haurretatik 2.213 kasu metatu dira. Zorionez, Osakidetza datorren astean bertan hasiko da talde horretakoak txertatzen. Adinez nagusikoen artean, 40-49 urtekoak dira zigortuenak (bitxia da, adin tarte horretako herritarren % 90 babestuta baitaude), 100.000 biztanleko 1.000 kasuko langa igarota.

Kontrara, intzidentzia txikiena adinekoen artean dago. 80-89 urtekoek 243 kasuko intzidentzia dute, eta 90etik gorakoek, 330koa.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasun larrialdia