Gizartea -

Koronabirusa

San Tomas azokak egin ala ez erabakitzeko bilera egingo dute gaur erakundeek

Osasun Saila Donostiako eta Bilboko alkateekin bilduko da gaur, baita Eudeleko ordezkariekin ere, azoka egingo den ala ez erabakitzeko.

Santo Tomas azoka Bilbon. EFEren artxiboko irudia.
Santo Tomas azoka Bilbon. EFEren artxiboko irudia.
Eudel eta Bilboko eta Donostiako udalak San Tomas azoka bertan behera uztea aztertzen ari dira

0:18

O. P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun Sailak bilera egingo du ostegun honetan Eneko Goia Donostiako alkatearekin eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin, baita Eudeleko ordezkariekin ere, osasun egoeraren ondorioz San Tomas azokak bertan behera uzteko aukeraren inguruan "erantzun bateratua" emateko.

"Guk argi daukagu zein den egoera", esan du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean.

Donostiako Udalak iragarri zuen aurten berreskuratu egingo zuela azoka, Gipuzkoako hiriburuko jaiegun jendetsuenetako bat, baina ohartarazi zuen azken asteetan erabakiko zuela zer egin, pandemiaren egoerara egokituta.

Bilboko Udalak ere azoka egiteko asmoa agertu zuen, baina nola egin azken unean erabakitzeko utzi zuen.

Azpeitian, Udala San Tomas azokako ohiko ekoizle eta parte-hartzaileekin bilduko da gaur arratsaldean, abenduaren 21ean azoka egingo den ala ez erabakitzeko. Oraindik ikusteko dago Durango eta Irun udalerrietan, besteak beste, San Tomas azokari buruz zein erabaki hartzen duten. 

Eusko Jaurlaritzak udalei jende-pilaketak gerta daitezkeen ekitaldiak bertan behera uzteko agindu izanak airean utzi zuen azoka horien ospakizuna, eta gaur Osasun Sailarekin aztertuko dute azoka horiek egin ala ez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Donostiako Udala Bilbo Donostia San Tomas Eusko Jaurlaritza Azpeitia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Osasun albisteak Koronabirusa Euskadiko Udalen Elkartea albisteak