Gizartea -

Iruñean eta Lizarran

Larunbatetik eta igandetik desagertuta dauden 74 eta 42 urteko bi gizonen bila dabiltza Nafarroan

74 urteko gizona Iruñean ikusi zuten azken aldiz, Arrotxapean, larunbat arratsaldean; 42 urtekoa, aldiz, igandeko goizaldetik dago desagertuta, eta Lizarran zegoen une horretan.

Larunbatean desagertutako 74 urteko Arrotxapeko bizilaguna bilatzen jarraitzen dute

0:59

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larrialdietako zerbitzuak larunbatetik eta igandetik desagertuta dauden 74 eta 42 urteko bi gizonen bila dabiltza Nafarroan. Hain zuzen ere, 74 urteko gizona Iruñean ikusi zuten azken aldiz, Arrotxapean, larunbat arratsaldean; 42 urtekoa, aldiz, igande goizaldetik dago desagertuta, eta Lizarran ikusi zuten azkenengoz ikusi zutenean.

Testuinguru horretan, astelehen honetan berriro ekin diote Arrotxapean desagertutako gizona bilatzeari; izan ere, azken aldiz ikusi zuten eremutik gertu eta Arga ibaian egindako miaketek ez dute emaitza positiborik eman.

Nafarroako Gobernuak ohar bidez azaldu duenez, desagertuak buruko gaixotasun degeneratiboa du, baina orientatzeko gaitasuna du. Larunbatean, emaztearekin batera, lokal batera joan zen, baina kanpoan geratu zen.

19:00ak aldera, emakumea lokaletik irten zenean, ez zuen senarra topatu; ondorioz, etxera joan zen, baina han ere ez zegoen. Senideak bila hasi ziren, eta 23:00ak aldera salatu zuten desagerpena, Polizia Nazionalaren komisaria batean.

Astelehen goizean, miaketa-eremua Argako pasabide osora zabaltzea erabaki dute, Burlatatik Landabenera; izan ere, gizona sasoi onean dago, fisikoki, eta ibilaldi luzeak egiten ditu.

Horrez gain, inguruko saltokietako eta trafikoko kamerek grabatutakoa berrikusiko dute; hala, gizonak zein norabide hartu zuen ikusten saiatuko dira.

Herritarren laguntza eskatu dute Lizarran

Beste gizonari dagokionez, Lizarran desagertu zen, eta Foruzaingoak herritarren laguntza eskatu dute. Francisco Torralba Fernandez da desagertua, 42 urte ditu, eta igande goizaldean (04:00ak aldera) ikusi zuten azken aldiz.

Horri buruzko edozein informazio izanez gero, SOS Nafarroaren 112ra deitzeko eskatu du Foruzaingoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko argazkiak Nafarroa gaur Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Desagertutako pertsonak Lizarra azken ordukoa Foruzaingoa