Gizartea -
desagertutako pertsonak
Larunbatean Arrotxapean desagertu zen 75 urteko gizon baten bila ari dira
Tokiko eta estatuko segurtasun-gorputzek bilaketa dispositiboa jarri dute martxan, eta orain Arga ibaian ere ari dira gizonaren bila.
agentziak | eitb media
Larunbatean Iruñeko Arrotxapea auzoan desagertutako 75 urteko gizon baten bila ari da Suhiltzaileek, Polizia Nazionak, Iruñeko Udaltzaingoak eta Guardia Zibilak osatutako dispositiboa.
Nafarroako Gobernuko iturriek adierazi dutenez, gizona, buruko gaixotasun degeneratibo bat duena, arratsaldean atera zen emaztearekin erosketak egitera. Emaztea denda batean sartzean, gizona kanpoan geratu zen eta, irtetean, desagertua zegoen.
Arratsaldeko 19:00ak aldera izan zen, eta hasieran familia bera hasi zen haren bila, etxetik hurbil. Beranduago, 23:00ak aldera, bilaketak emaitzarik ez zuela ikusita, familia Polizia Nazionalarekin jarri zen harremanetan. Bilaketa dispositiboa aktibatu zuten orduan baina, aurkitzen ez zutenez, igande goizean aipatutako gorputz polizialak martxan jarri dira.
Trinitarioen suhiltzaileak, Erreskate Teknikorako Taldea eta erreskate akuatikorako suhiltzaileak batu zaizkie. Orain, Arga ibaia miatzen ari dira Zubi Zaharretik Cuatro Vientos zubiraino, gizona bertara erori balitz.
Nafarroako Gobernutik nabarmendu dute dispositibo akuatikoa oztopoak izaten ari dela, ibaiak daraman emari esanguratsua eta korronte bortitza direla eta, azken horrek ikusgaitasuna zailtzen duelako.