Gizartea -

Koronabirusa

Lokaletako jabeei isunak jarriko dizkiete covid ziurtagiria eskatu ezean

Lokaletako jabeek zein poliziek bezeroei agiria edonoiz “eskatu ahal” izango diete lokalera sartzeko.

EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lokaletako jabeek urraketen ardura izango dute covid ziurtagiriaren aplikazioan, eta isunak jarriko dizkiete agiria eskatu ezean.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ostiral honetan sinatutako aginduan ohartarazi diete lokal horietako jabeei. Neurria larunbat honetan sartuko da indarrean, EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu bezain pronto.

Konkretuki, gaueko aisialdiko establezimenduetan eskatu beharko dute covid ziurtagiria, besteak beste, diskoteka, dantza-areto, ikuskizunak eskaintzen dituzten areto, musika-taberna eta karaokeetan.

Era berean, ziurtagiria erakutsi beharko da pub eta taberna berezietan 22:00etatik aurrera, eta 50 jankidetik gorako jantoki-plaza baimenduak dituzten jatetxeetan.

Osasun Saileko aginduaren arabera, lokaletako jabeek zein poliziek bezeroei agiria edonoiz "eskatu ahal" izango diete lokalera sartzeko.

"Balizko urraketen arduraduna establezimenduko jabea izango da"

Indarrean dagoen araudia errespetatzea bermatu beharko dute establezimenduko arduradunek datu babes alorrean, eta ziurtagiria egiaztatzeko eskatu ahal izango dute bakarrik, "ezin da gorde, ezta fitxategirik sortu ere".

Bezeroei lokalera sartzeko baldintzen eta neurrien berri emango diete sarreran kartelen bidez, eta musukoa erabiltzearen derrigortasuna gogoraraziko zaie. Maskara edateko edo jateko bakarrik kentzea posible izango da.

"Balizko urraketen arduraduna establezimenduko jabea izango da", eta araudiak "aurreikusitakoaren arabera zigortuko dute".

Bestalde, 12 urtez azpiko adingabeek ez dute ziurtagiria aurkeztu beharko, nahiz eta txertorik ez jaso oraindik. Osakidetzak eta gainerako osasun administrazioek igorritako Europar Batasuneko covid ziurtagiri digitala izango da baliozkoa.

Neurria indarrean egongo da 100.000 biztanleko intzidentzia 150 positiboen gainetik dagoen bitartean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Jatetxeak Tabernak Koronabirusa Osasun larrialdia Covid pasaportea Euskadin