Gizartea -
Eguzki eklipseak
Nondik eta noiz ikus daiteke 2021eko abenduaren 4 eguzki-eklipse totala?
Eklipsea Antartikan eta Afrika hegoaldean soilik ikusi ahalko da. 06:29an hasiko da, eta lau ordu inguru iraungo du; eklipse totalak, berriz, 66 minutu baino ez.
EITB Media
Larunbatean, abenduak 4, urteko azken fenomeno astronomikoa izango da, eklipseei dagokienez. Eguzki-eklipse partziala Antartikan eta Afrika eta Ozeania hegoaldean ikusi ahalko da; eklipse totalak, baina, Antartikako zerua besterik ez du ilunduko. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan ezingo da ikusi.
2021eko lehen eguzki-eklipsea ekainaren 10ean jazo zen. Eraztun itxurakoa izan zen, Ilargiak Eguzkiaren erdigunea estali baitzuen, eraztun formako argiari pasatzen utzita.
Noiz ikusi ahalko da eklipsea?
Eguzki-eklipsea abenduaren 4ko 06:29an hasiko da; zerua pixkanaka-pixkanaka joango da iluntzen. Lehenengo fasea Afrika hegoaldetik eta Antartikatik izango da ikusgai. Eklipse totala, berriz, 08:00etan hasiko da, Weddel itsasoa eta Antartikako mendebaldea zeharkatuko ditu eta Ozeano Australean amaituko da. Guztira 66 minutu iraungo du, baina eklipse totalaren unerik gorenena 8:33ean izango da eta minutu bat eta 54 segundo iraungo du.
Eklipsearen 10:37an amaituko da, Tasmania hegoaldean (Australia). Gertaera astronomiko honek guztira lau ordu inguruko iraupena izango du.
Zer dira eguzki-eklipse totalak?
Halako fenomeno astronomikoetan, Ilargiak guztiz oztopatzen du Lurrak Eguzkitik jasotzen duen argia. Ondorioz, zerua guztiz iluntzen da. Ekaineko eklipsean ez bezala,, baina, oraingoan Ilargiak guztiz estaliko du Eguzkia.