Gizartea -
KORONABIRUSA
Omikron aldaeraren Espainiako lehen kutsatze komunitarioa hauteman dute Madrilen
Kutsatutako pertsonak ez du Afrikara edo arrisku guneetara bidaiatu. AstraZenecaren pauta osoa hartu duen 62 urteko gizonak sintoma arinak ditu eta bakartuta dago.
AGENTZIAK | EITB Media
Madrilgo Erkidegoak omikron aldaeraren Espainiako lehen kutsatze komunitarioa baieztatu du. Osasun Kontseilaritzaren arabera, 62 urteko gizonak ez du Afrikara edo beste arrisku guneren batera bidaiatu eta ez du harreman esturik izan aldaera hori atzeman duten herrialderen batetik iritsitako inorekin. AstraZenecaren pauta osoa hartua du eta sintoma arinak ditu.
Espainiako Osasun Ministerioak omikron aldaeraren bost kasu baieztatu ditu dagoeneko: bi Katalunian eta hiru Madrilgo Erkidegoan. Gainera, seigarren positibo susmagarri bat ikertzen ari da Balear Uharteetan.
Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroaren arabera, omikron aldaeraren 252 kasu erregistratu dira mundu osoko 34 herrialdetan, horietatik 78 Europar Batasunean.
Dena dela, orain arte kutsatutakoek ez dute sintomarik izan edo sintoma arinak izan dituzte.