Gizartea -
IU-ko zinegotziaren hilketa
Javier Ardinesen hilketagatik akusatutako lau gizonak errudun jo dituzte
Fiskaltzak eta akusazio partikularrak 25 urteko kartzela-zigorra eskatu dute lau auzipetuentzat. Hilketa Pedro Nieva zornotzarrak agindu zuen, bere emazteak eta Javier Ardinesek maitasun harreman bat zutela jakin eta gero.
AGENtziak | EITB MEDIA
Zinpeko epaimahaiak erruduntzat jo ditu Javier Ardines Llaneseko (Asturias) zinegotziaren hilketagatik auzipetutako lau gizonak: Pedro Nieva, Jesus Muguruza, Djilali Benatia eta Maamar Kelii.
Epaimahaiak aho batez ebatzi duenez, Pedro Nieva zornotzarrak agindu zuen Ardines hiltzea, bere emaztearekin maitasun harreman bat zuela jakin zuenean. Horretarako Jesus Muguruzarekin jarri zen kontaktuan eta honek kontratatu zituen hilketa burutu zuten bi sikarioak.
Epaimahaia iragan astelehenean hasi zen erabakia eztabaidatzen eta gaur jakinarazi dute ebazpena Oviedoko Lurralde Auzitegian. Epaiketak 18 saio izan zituen.
Fiskaltzak eta akusazio partikularrak 25 urteko kartzela-zigorra eskatu dute. Lau akusatuek, berriz, errugabeak direla adierazi zuten epaiketan eta defentsako abokatuak absoluzioa galdegin du. Oviedoko Auzitegiak zigorra zehaztu beharko du orain, sententzian.
Akusazioaren arabera, Pedro Nievak 2017ko abenduan jakin zuen bere bikotekideak Ardinesekin maitasun harreman bat zuela, sakelako telefonoarekin bien arteko konbertsazio bat grabatu eta gero.
Ordutik aurrera, Pedro Nievaren jarrera aldatu egin zen eta emaztea kontrolatzeko moduak bilatzeko espioitzari buruzko webguneak bisitatu zituen Interneten.
Epaiketan deklaratu zuten adituen arabera, telefono mugikorrean topatu zizkioten mezuetan "pena, amorrua eta gorrotoa" sentitzen zituela ondorioztatu daiteke.
Hala ere, biek elkarrekin bizitzen jarraitu zuten Amorebieta-Etxano konpartitzen zuten etxebizitzan.
2018ko uztailean, Pedro Nievaren emazteak uda Belomente de Prian (Asturias) igarotzea erabaki zuen, Ardines bizi zen udalerrira, hain zuzen ere. Eta horrek Nievaren "haserrea, frustrazioa eta gorrotoa" areagotu zuen, ebazpenaren arabera.
Planifikazioa eta hilketa
Testuinguru horretan, Jesus Muguruza lagunarekin harremanetan jarri zen eta honek bi sikarioak bilatzeko eta kontratatzeko ardura hartu zuen.
Hilketa burutu baino hiru aste lehenago, Nieva, Muguruza eta sikarioetako bat Belmonte de Pria udalerriraino joan ziren tokia ezagutzeko eta informazioa biltzeko.
Sakelako telefonoaren geolokalizazioak eta autobideko zenbait kamerek grabatutako irudiek erakusten dute han izan zirela.
Hilketaren egunean, bi sikarioak bakarrik joan ziren Euskal Herritik Belmonte de Priara. Goizaldean egin zuten bidaia.
Ardines goizeko 06:00ak aldera arrantzan joaten zen. Ontziratzeko tokira heltzeko bere etxearen ondoko bide batetik igarotzen zen, eta han hesiak jarri zizkioten.
Hesiak erretiratzeko bere autotik atera zenean, esprai batekin egin zioten eraso eta jarraian objektu batekin kolpe handia eman zioten buruan. Ondoren, ito egin zuten, ebazpenean jaso.
Horrez gain, epaimahaiak aipatu du Nievak bere emaztearen eta Ardinesen arteko elkarrizketaren grabazioa Llaneseko zinegotziaren emateari eta alabari bidali ziola hilketa gauzatu baino egun batzuk lehenago, eta horrek susmagarri bilakatu zuela.