Gizartea -

Kanpaina

Abian da 'Janaria ez da botatzen' kontzientziazio kanpaina, janari-galera saihestea helburu

Eusko Jaurlaritzak eta Elika Nekazaritzarako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak Janaria ez da botatzen kanpaina abian jarri dute, elikagaiak xahutzea saihesteko helburuz.

Egoera onean dagoen janaria, zaborrontzian. Argazkia: Foerster (WikiCommmons)
Egoera onean dagoen janaria, zaborrontzian.
Egoera onean dagoen janaria, zaborrontzian. Argazkia: Foerster (WikiCommmons)

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak eta Elika Nekazaritzarako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak Janaria ez da botatzen kanpaina abian jarri dute, elikagaiak xahutzea saihesteko helburuz.

Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaian Politikako sailburuordeak eta Arantza Madariaga Elikako zuzendari kudeatzaileak aurkeztu dute abenduaren 20ra arte egingo duten kanpaina.

Hiru astez mezuak eta gomendioak emango dira idatzizko prentsan eta prentsa digitalean, irratian, sare sozialetan, autobusetan eta hiru euskal hiriburuetako markesinetan. Batetik, gizartea arazoaz kontzientziatu eta janaria "botatzeak" dituen ondorioak azaleratu nahi dituzte, eta, bestetik, irtenbideak edo gomendio xumeak eman nahi dituzte kontsumitzaile bakoitzak elikagaien xahutze handia murrizten lagun dezan.

Europako Batasunean ekoitzitako elikagaien % 20 inguru galtzen edo xahutzen dira, eta bi egunetik behin 33 milioi pertsonak ezin dute kalitatezko janaria eskuratu. Gainera, elikagaiak xahutzeak eragin izugarria du ingurumenean, EBn berotegi-efektuko gasen isurketa guztien % 6 inguru baitira eta lurra eta ura bezalako baliabide natural mugatuek alferrikako zama jasaten dute.

Datu horiek eskuan, Eusko Jaurlaritzak, Europako Itun Berdea sustatu asmoz, Basque Green Deal-Euskadiko Itun Berdea ekimena jarri zuen abian duela hilabete batzuk. Ekimen horrek markatzen du Euskadik krisialdi klimatikotik irten eta garapen inklusiboagoa eta jasangarriagoa izateko jarraituko duen ibilbide-orria. Itunaren helburuen artean elikagaien xahutze handia murriztea dago, NBEk ezarritako irizpideen haritik. Garapen Jasangarriko Helburuen artean (12.3 helburua) "xehekako salmentan eta kontsumitzaileen artean biztanleko alferrik galtzen diren elikagaien kopurua erdira murriztea, eta elikagai-galerak murriztea ekoizpen- eta hornikuntza-kateetan" 2030erako. 

2018. urtearen hasieran diseinatu zuen Eusko Jaurlaritzak, Elika Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioaren bidez, elikagaiak xahutzearen aurkako Euskal Estrategia eta Elikadura Zirkularrarekin, Hondakinak Murriztearekin eta Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoarekin lotu zuen.

Itun horren baitan jarri dute martxan, hain zuzen ere, Janaria ez da botatzen kanpaina. 

Xahutzearen diagnostikoa abian

Horrez gain, 2019 eta 2020 artean ELIKAk koordinatu eta HAZI, AZTI, IHOBE, Euskadiko Elikaduraren Clusterra eta Neiker biltzen zituen lantaldeak EAEko xahutzea diagnostikatzeko metodologiaren lehenengo diseinua eta zehaztapena egin zuen, eta diagnostikoko lehen urrats gisa, lehen sektorea (nekazaritza eta abeltzaintza) eta elikagaigintza aztertu dira, FAOren arabera munduko elikagai-kate osoan egiten den xahutzearen % 30 sektore horretan izaten baita.

Lehen sektorean, esaterako, ekoitzitako guztiaren % 3,70 galtzen dela uste da. Galera horiek honela banatzen dira nekazaritzako eta abeltzaintzako azpisektoreetan: % 7,10 nekazaritzan eta % 3 abeltzaintzan; baratzezaintza da galera handiena sortzen duen nekazaritzako jarduera.

Nekazaritzan galerarik handiena uzta biltzean edo ekoizpen prozesuan izaten dira (% 40) eta jarraian datoz klimatologiak, izurriteek eta abarrek eragindako kalteen ondoriozkoak (% 29,1) eta kalitate-estandarrak ez betetzearen ondoriozkoak (% 16,4). Erdia baino gehiago (% 57,6) ez da aprobetxatzen inondik inora, eta gainerakoa animaliak bazkatzeko izaten da, batez ere. % 3,4 baino ez da bidaltzen elikagaien bankuetara.

Abeltzaintzari dagokionez, galeren arrazoi nagusiak antzekoak dira: ekoizterakoan edo biltzerakoan (% 33,33), produktuan kalteak (% 27,45) eta estandarretara ez egokitzea (% 13,73). Galera horien ia erdia (% 47,62) ez da aprobetxatzen, % 19,05 animaliak elikatzeko izaten da eta % 2,38 elikagaien bankuetara bidaltzen da.

Elikagaien industria da nekazaritzako elikakateko bigarren katebegia eta hala hartu du azterketak ere. Hasierako datuen arabera, ekoitzitako bolumenaren % 5,36 galtzen da. Aldiz, txostenak nabarmentzen du enpresak ohartzen direla elikagaiak xahutzearen eragin ekonomikoaz, sozialaz eta ingurumenekoaz, eta murrizteko lanean ari direla. Xahutze handiena eragiten duten jarduerak harakintza-industria, beste elikagai-industria batzuk eta okintza eta ehokuntza dira

Zergatiei dagokienez, galeren % 63,2 ekoizpen-prozesuan izaten da, % 19,3 kalitate-kontroletan eta % 12,3 ekoizpen-soberakinak daudelako. Galera horien % 25 balio erantsiko osagaiak ateratzeko izaten dira, % 21 elikadurara joaten da eta % 14 elikagaien bankuetara. % 21 ez da inondik eta inora aprobetxatzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Gizartea bideoak Ekonomia Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Euskadiko kutsadura