Gizartea -
BILBO
Emakume baten eta haren alabaren gorpuak aurkitu dituzte Deustuko etxebizitza batean
Bizilagunen deiari erantzunez, suhiltzaileak biktimen etxebizitzan sartu dira, sarrerako atearen azpitik ura ateratzen ari zelako. Lehen ikerketaren arabera, gorpuek ez dute indarkeria zantzurik.
EITB MEDIA
Emakume baten eta haren alabaren gorpuak aurkitu dituzte bart Bilbon, Deustuko etxebizitza batean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Bizilagunen deiari erantzunez, 11:00etan bertaratu ziren suhiltzaileak. Antza denez, sarrerako atearen azpitik irteten zen ur jarioa gelditzeko etxe barrura sartu zirenean aurkitu zituzten hilotzak.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ikerketa abiatu du heriotzen nondik norakoak argitzeko. Lehen ikerketaren arabera, gorpuek ez dute indarkeria zantzurik. Beraz, autopsiak argituko du zerk eragin dien heriotza.