Gizartea -
Droga
Donostiako ospitalean bi kilo kokaina sabeletik ateratzeko ebakuntza egin ondoren atxilotu dute
53 urteko gizonari sabeletik 116 "ezkur" atera dizkiote. Oraindik ospitaleratuta dago, Ertzaintzak zainduta, agintari judizialaren eskuetan jarri ahal izan arte.
EiTB Media
Ertzaintzak 53 urteko gizonezko bat atxilotu du Donostian droga-trafikoa leporatuta, sabelean zituen 116 "ezkur", guztira kokaina 2 kilogramo inguru, atera ondoren, Segurtasun Sailak ohar batean jakitera eman duenez.
Gizona oraindik ospitaleratuta dago, Ertzaintzak zainduta, agintari judizialaren eskuetan jarri ahal izan arte.
Gertakari hau joan den larunbatean, hilaren 27an, goizaldean, hasi zen AP-8 autobidean, Orio parean. Irun-Bilborako noranzkoan zihoan autobus batek gelditu beharra izan zuen bidaiarietako baten "jarrera arriskutsu eta urduriaren aurrean", eta, azkenean, bidaiaria autobusetik irten egin zen eta errepideko errietako batetik korrika hasi zen.
Gizonaren jarrera ikusita, Ertzaintzatik anbulantzia psikiatriko bat eskatu zuten, eta honek osasun-zentro batera eraman zuen pazientea baloratu ahal izateko.
Ospitalean egin zizkioten analisietan gizonak positibo eman zuen kokainan eta benzodiazepinan. Horrez gainera, gorputzean objektu ugari zituela hauteman zuten, eta ebakuntza egin aurretik ZIUra eraman zuten. Ebakuntzan substantzia zuri bat, ustez kokaina, zuten 116 "ezkur" edo bilkari atera zizkioten.
Gaur, astelehena, pazientea oraindik ospitalean dago ebakuntza ondoren suspertu arte. Une hauetan poliziaren babespean dago osasun publikoaren aurkako ustezko delitu batengatik atxilotuta.