Gizartea -
DENBORALEA
Euria indarra galtzen joango da eta egunaren amaieran atertzera joko du
Orduak aurrera egin ahala, egoera lasaitzen joango da eta bihar apenas egingo du euririk Hego Euskal Herrian.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Gaur gauean izandako euriteen ondorioz, zenbait ibaik gainezka egin dute Bizkaian eta Gipuzkoan, baina okerrena igaro dela dirudi; izan ere, apurka-apurka euri gutxiago egingo du eta arratsalderako egoera baretu egingo da Hego Euskal Herrian.
Amaitu da euriteengatik 15:00ak arte ezarrita zegoen abisua, eta Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, egunaren amaieran atertzera joko du, batez ere EAEko ekialdean; mendebaldean oraindik ere prezipitazio gutxi batzuk geratuko dira.
Ipar-mendebaldeko haizeak arratsaldean indarra galduko du eta elur-mailari dagokionez, azken orduetan gora egin du eta 1400-1500 metro inguruan dago une honetan.
Tenperaturak gora egingo du, 10 graduak gaindituz kostaldean, eta barnealdean ere, atzokoekin alderatuta, igo egingo dira, 5-8 ordu bitartean mugituko baitira. Orduak igaro ahala, beraz, egoera lasaitu egingo da.
Bihar, oro har, ateri eutsiko dio. Goizean euri zaparradaren bat egin lezake EAEko mendebaldean. Goizak aurrera egin ahala, baina, atertu egingo du, eta arratsalde lasaia geratuko da, hodeiak eta ostarteak nagusituz.
Nafarroan, elur denboraleak eragindako asteburu zailaren ondotik, Aemetek jakinarazi duenez, orduak igaro ahala zaparradak gutxitzen joango dira Nafarroan arratsaldean.
Iragarpenaren arabera, astearte honetarako ez da baztertzen prezipitazio ahulak izatea goizean ipar-mendebaldean, baina, oro har, euri gutxi egingo du. Tenperatura minimoak jaitsi egingo dira eta maximoak ez dira ia aldatuko. Izozteak espero dira, Ebroko Erriberan izan ezik; Pirinioetan, aldiz, epelak edo gogorrak izango dira.