Gizartea -

Eguraldia

Hego Euskal Herria, alerta laranjan elurragatik

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Estatuko Meteorologia Agentziak hainbat abisu eta alerta aktibatuko dituzte asteburu osoan, elurraren eta euriaren iragarpenaren ondorioz.

Prezipitazioak oso ugariak eta iraunkorrak izango dira isurialde atlantikoan. Argazkia: Pixabay.
Elurra errepidean
Gorbeia mendiko tontorra, erabat elurtuta

0:20

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Estatuko Meteorologia Agentziak hainbat abisu eta alerta aktibatuko dituzte asteburu honetan Hego Euskal Herrian, elurraren eta euriaren iragarpenaren ondorioz.

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatuko du gaur goizaldean elurragatik. Larunbat arratsaldean 400-500 metrora jaitsiko da elur kota, baina tarteka elurra egin lezake puntu baxuagoetan. Halaber, Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du larunbatean euriagatik, eta igandean abisu horia laranja bihurtuko da.

Hurrengo goizaldean, kota 900-700 metro inguruan kokatuko da, 700-500 metrora jaitsiko da goizean, eta 500-400 metrora jaitsiko da arratsalde-gauean, baina baliteke txikiagoa izatea zenbait unetan.

Prezipitazioak oso ugariak eta iraunkorrak izango dira kantauri isurialdean eta noizbehinka trumoitsuak eta txingorrarekin batera etorriko dira. Prezipitazio horiekin 20 eta 50 zentimetro arteko elurra pilatu liteke 1.000 metroko altueran eta 5 eta 25 artekoa 600 metroan.

Igandean, kota 500-400 metrora egongo da (baliteke tarteka gehiago jaistea), baina arratsaldean 600-800 metrora igoko da, eta 1.100era egunaren amaierarako.

Elur mailaren bilakaera asteburuan. Irudia: EiTB Media

Prezipitazioak oso ugariak eta iraunkorrak izango dira kantauri isurialdean eta igandeko lehen partean ekaitzak jo eta txingorra bota dezake. Egun horretarako 20 eta 40 zentimetro arteko lodierak espero dira 1.000 metrora eta 5 eta 20 eta 600 metroan. 

Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du bihar, larunbata, euriagatik, Kantauri isurialdean metro koadroko 60 eta 80 litro artean pilatu baitaitezke 24 ordutan. Euria oso ugaria eta iraunkorra izango da, eta baliteke ekaitzak jotzea eta txingorra botatzea.

Igandean alerta laranja ezarriko dute. Euriaren pilaketa antzekoa izango da (60-80 litro isurialde atlantikoan), baina arratsalde-gau partean elur-kota igotzen joango da, eta horrek izotza urtzea erraztuko du eta uholde-arriskua areagotuko du.

Eguraldi txarrak kostaldean izango du eragina, eta nabigaziorako abisu horia ezarriko dute larunbat osoan, igandeko 15:00ak arte. Tarte horretan, olatuak 4-5 metrokoak izango dira, baina igande arratsaldean olatuak baretzen hasiko dira eta 3,5 metrotik behera kokatuko dira.

Bestalde, A-15 errepidea larunbat eguerdian itxiko dute bi noranzkoetan, Andoaingo lotunetik Berastegiko lotuneraino, Gipuzkoako zatian, elur-arriskua dela eta.

Alerta laranja ezarriko da bihar barnealdean elurragatik
Alerta laranja ezarriko da bihar barnealdean elurragatik
Alerta laranja ezarriko da bihar barnealdean elurragatik

1:16

Gabonetako jardueren etetea Bilbon

Bilbok bertan behera utzi ditu iganderako eta astelehenerako Arenaleko kaian eta Erripan aurreikusitako Gabonetako jarduerak, euri jasa bortitzak direla eta. Bilboko Udalak azaldu duenez, neurriak izotz sintetikozko txirristari eta pistari eragingo die, baita haurren karpari ere.

Bestalde, Udalak ohiko prebentziozko neurriak hartzeko gomendatu dio hiritargoari, hala nola; errepide bidezko joan-etorriak ekiditea, urpetzeko arriskua duten inguruetan ez aparkatzea, urpetutako espaloi edo galtzadetatik ez igarotzea eta "kontu handia izatea mendi-hegalen irristatze posibleekin", igarotze zonaldeetan bereziki.

Arabako eskola-kirola, bertan behera

Arabako Aldundiak bertan behera utzi du asteburuko eskola-kirola, bai garraioa bai jarduerak, astebururako iragarritako "elur arriskuagatik".

Era berean, Gasteizko Udalak martxan jarri du Elurte Planaren 1. fasea, "baliabide propioekin aurre egiteko oinezkoentzako eta ibilgailuentzako bideen egoerari".

Aintzane Oiarbide, elur iragarpenari buruz: ''Elurra hasten duen unean itxiko dugu AP-15 autobidea''
Aintzane Oiarbide, elur iragarpenari buruz: ''Elurra hasten duen unean itxiko dugu AP-15 autobidea''
Aintzane Oiarbide, elur iragarpenari buruz: ''Elurra hasten duen unean itxiko dugu AP-15 autobidea''

1:56

Bestalde, Nafarroako Gobernuak zuhurtziaz gidatzeko gomendioa eman du, 1.000 metrotik gorako altueran Pirinioetan 5 zentimetroko elurra pilatu daitekeelako.

Estatuko Meteorologia Agentziak alerta laranja ezarri du larunbaterako Nafarroan, euriagatik eta elurragatik. Larunbatean, AEMETek alerta laranja ezarri du Nafarroako erdialdean 24 ordutan 10 zentimetroko elurra pilatu baitaiteke, eta Pirinioetan 20 zentimetro. Egoera hori igandera arte luzatu ahal izango da.

Gainera, larunbaterako alerta horia ere egongo da, Kantauri isurialdean euria egingo duelako. 12 ordutan 40 mm ere pilatu daitezke, eta igandean ere errepikatu daiteke.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak martxan jarri du prebentziozko operatiboa. Datozen orduetan baliabideak mobilizatuko dituzte era mailakatuan, igande goizerako elurra kentzeko 84 makinetara iritsi arte.

Eguraldiaren inguruko informazio eguneratua izateko, eitb.eus-en ikus dezakezu noiznahi, eta zure argazkiak bidali.

Alertak eta abisuak Euskal Herrian astebururako. Irudia: EiTB Media

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Elurra Eguneko albisteak Albisteak Ekaitzak