Gizartea -
Gabonak 2021
Bilboko Gabonetako egitaraua: 100 proposamen baino gehiago aisialdiaz eta kulturaz gozatzeko
Kultur programazioa urtarrilaren 5era arte luzatuko da, eta adin tarte guztiei zuzendutako ikuskizunak eskainiko dituzte: euskal folklorea, antzerkia, zirkua, musika edo magia, besteak beste.
eitb media
Bilboko Udalak #BilbaoGabonak ekimena jarri du martxan. 100 ekitaldi eta jarduera baino gehiago eskainiko dituzte urtarrilaren 5era arte, adin guztietako ikus-entzuleei zuzenduta.
Jarduera gehienak auzoetako udaltegietan egingo dira, baina hiriko beste txoko ezagunetan ere izango dira gozagai, hala nola elizetan eta plazetan. Egitarauan aipatzen diren proposamenak tokiko eragileek landu dituzte, Udalak "inguruko talentuaren aldeko apustu irmoa" egin nahi izan baitu.
Hitzordu guztiak doakoak izango dira edukiera bete arte, Bidebarrietako Liburutegian eta Bertendona Institutuan egingo diren kontzertuak eta Festival ZKZ Topaketa '21eko ikuskizunak izan ezik. Musukoa erabiltzea nahitaezkoa izango da ekitaldi guztietan.
Bilboko Udaletik nabarmendu dutenez, Gabonek egitarau "irisgarria, arrazoizkoa, interesgarria eta askotarikoa" merezi dute. Horregatik, "izaera horrek hartuko ditu Bizkaiko hiriburuko auzoak", datozen asteetan arte eszenikoekin, musikarekin eta euskal folklorearekin gozatu ahal izateko, segurtasun-neurri guztiak beteta.
Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotziak azpimarratu duenez, "mimo handiz" diseinatu dute egitaraua, "ikusleen eta kultur eragileen segurtasuna eta osasuna zaintzeko" konpromisoa kontuan izanda. Gainera, argi utzi du oraindik ere zuhurtziaz jokatu beharra dagoela, "Eguberriak normaltzat daukagun horretatik gertu dauden arren".
Kultur programazioa auzoetan
Arte eszenikoen egitaraua zabala izango da, diziplina askotako proposamenak bildu baitituzte; antzerkia, clownak, magia, bakarrizketak edo inprobisazioak, besteak beste. Era berean, euskal folkloreari ere emango zaio lekua.
Bestalde, Bilboko zenbait auzotako elizek Gabonetako Abesbatzak hartuko dituzte. Halaber, musikarako txokoa izango da Bertendona Institutuan, Arriaga Antzokian, Azkuna Zentroan eta Bidebarrieta Kulturgunean. Azken horretan, gainera, askotariko kultur esparruetako hitzorduak izango dira, kontzertuak, bertso-saioak, liburuen aurkezpenak eta antzerkiak, tartean.